Apirila 2024

 
«Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen» (Eg 4, 33).

 

Pazko garaian egokitzen den hitz honek geu ere, mezu ebanjelikoa jaso dutenen askatasun osoaz, historia markatu duen gertakizunaren lekuko izatera gonbidatzen gaitu: Jesus berpiztu da!

Apostoluen Eginetatik ateratako bertseta honen zentzua sakonki ulertzeko, aurretiko esaldia aipatzea komeni da: «Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, baizik eta dena denena zuten» (ik. Eg 4, 32).

«Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen».

Testuak Espirituaren indar ahaltsuaz adoretuta dagoen kristau elkartea aurkezten du, komunioa ezaugarritzat duena, eta guztiei Ebanjelioa, berri ona, aldarrikatzera bultzatzen dituena, hau da, Kristo berpiztu dela.

Mendekoste aurretiko azken gertaeren aurrean izututa eta atsekabetuta zeuden pertsona berberak dira, eta orain agerian jartzen dira, martirioraino testigantza emateko prest, beldurrak eta ikarak uxatu dituen Espirituaren indarrari esker. Bihotz bakar bat eta arima bakar bat ziren, elkar-maitasuna bizi zuten beren ondasunak amankomunean jartzeraino: horixe zen gero eta jende gehiago inplikatzen zuen errealitatea.

Jesus jarraitzen zuten gizon-emakumeek haren hitzak entzun zituzten, Harekin bizi izan ziren gaixorik zeudenak, azkenak, zerbitzatzen eta maitatzen; Jesusek egindako gertaera miresgarriak euren begiekin ikusi zituzten, eta haien bizitza aldatu egin zen; lege berri bat bizitzera deituak izanik, gizon-emakumeen artean Jainkoaren presentzia biziaren lehen lekuko izan ziren.

Eta guretzat, Jesusen jarraitzaileontzat, zer esan nahi du testigantza emateak?

«Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen».

Berpiztuaren testigantza emateko modurik eraginkorrena Bera bizirik dagoela eta gure artean bizi dela erakustea da. «Bere Hitza bizi badugu, […] bihotzean hurkoarenganako maitasuna piztuta edukiz, gure artean beti elkar-maitasuna bereziki mantentzen ahalegintzen bagara, Berpiztua gugan biziko da. Gure artean biziko da eta bere argia eta grazia zabalduko ditu, leku bakoitza kontaezineko fruituez eraldatuz. Berak gidatuko ditu gure urratsak eta jarduerak bere Espirituarekin; Berak ezarriko ditu Haren beharrean dauden pertsonei bere bizia eramateko aukerak eta egoerak» [1].

«Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen».

Margaret Karramek [2] idazten du: «”Zoazte mundu guztian zehar eta hots egin Berri Ona izaki guztiei” (Mk 16, 15) duela 2000 urte Jesusek berak apostoluei emandako agindu aparta horrek historiaren ibilbidea aldatu zuen. Gaur gonbidapen bera luzatzen digu: eman dizkigun sormen, gaitasun eta askatasun guztiarekin Jesus berbera mundura eramateko aukera eskaintzen digu» [3].

«Bere heriotzarekin amaitzen ez den iragarpena da; alderantziz! Indar gehiago hartzen du Berpizkunde eta Mendekoste ondoren, ikasleak Ebanjelioaren lekuko adoretsu bihurtu zirenean. Eta haien mandatua guregana iritsi da gaur. Nire eta gutako bakoitzaren bitartez, Jainkoak bere maitasun istorioa kontatzen jarraitu nahi du bizitzako tarte labur edo luzeak partekatzen ditugunekin» [4].

 

Patrizia Mazzola eta Bizi-Hitzako taldea


[1] C. LUBICH, Bizi hitza, 1986 urtarrila: Palabras de vida/1 (1943-1990), Ciudad Nueva, Madril 2020, 364-365 or.

[2] Fokolareen Mugimenduko presidentea

[3 ] M. KARRAM, LLamados y enviados, Rocca di Papa, 2023-09-15

[4] Ibid.

Normas(500)