Martxoa 2024

 
«Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan, espiritu berri sendoa nire baitan» (Sal 51, 12).

 

Garizuma-garai honetan 51 salmoaren dei sutsu eta apal hau proposatzen zaigu. Autoreak giza arimaren ezkutalekuak arakatzen ditu bere zuntzik sakonenak atzemateko: gure ezgaitasun sakona Jainkoaren aurrean eta, aldi berean, erabateko komunio irrika aseezina grazia eta erruki ororen jatorria den Harekin.

Salmoa Daviden bizitzako pasarte batean oinarritzen da. Davidek, Israelgo herria Aliantzaren obedientzia bideetatik gidatzeko Jainkoak deitua, bere misioa hausten du: Betsaberekin adulterioa egin ondoren, Uria, haren senarra eta bere armadako ofiziala, hiltzea agintzen du. Natan profetak bere erru larriaren berri ematen dio eta errekonozitzen lagundu. Bere bekatua aitortu eta Jainkoarekin adiskidetzeko unea da.

«Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan, espiritu berri sendoa nire baitan».

Salmistak erregearen ahotan jartzen ditu bere damu sakonetik eta Jainkoaren barkamenean duen konfiantzatik sortzen diren aldarriak: «ezabatu», «garbitu nazazu», «purifikatu nazazu». Bertseta honetan, «sortu» aditzak adierazten du Jainkoak bakarrik egin gaitzakeela «bihotz garbiko» izaki berriak, bere espiritu bizigarriz bete, benetako poza eman; berak bakarrik eraldatu dezake errotik Jainkoarekin («espiritu irmoa») eta gainerako izaki bizidunekin, naturarekin eta kosmosarekin dugun harremana.

«Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan, espiritu berri sendoa nire baitan».

Nola jarri praktikan bizi-hitza hau? Lehenik eta behin, bekatari eta Jainkoaren barkamenaren beharrean garela onartuz, Harenganako mugagabezko konfiantza jarrerarekin. Baliteke gure akatsak errepikatzeak adorea kendu eta etsi araztea, geure baitan ixtea. Orduan beharrezkoa da gure bihotzeko atea erdi irekita uztea. Chiara Lubichek bere miseriak gainditzeko gai ez zen pertsona bati honela idatzi zion: «Beharrezkoa da beste edozein pentsamendu arimatik kentzea. Eta sinestea Jesus gure bekatuen azalpen umil, fidakor eta maitasunezkoagatik bakarrik erakartzen dela. Gu, geugatik, miseria huts gara eta ez ditugu miseriak besterik egiten. Berak, berez eta gurekiko, nolakotasun bakarra du: Errukia. Gure arima Berarekin bat egin daiteke soilik […] opari bakar gisa gure bekatuak eskainiz; ez gure bertuteak, gure bekatuak baizik! […] Jesus lurrera etorri bazen, gizon egin bazen, zerbaitek irrikatzen bazuen […] Salbatzailearena egitea baino ez da, Medikuarena egitea!»1.

«Ene Jainko, sortu bihotz garbia niregan, espiritu berri sendoa nire baitan».

Liberatuak eta barkatuak izan ondoren, eta neba-arreben laguntzarekin – komunitatetik bait dator kristauaren indarra–, has gaitezen lagun hurkoa maitatzen. «Elkar-maitasuna da eskatzen zaiguna, zerbitzatuz, elkar-ulertuaz, eta neba-arreben oinaze, irrika eta pozetan parte hartuz; dena estaltzen duen maitasun hori, dena barkatzen duena, kristauak berezko duena»2.

Eta Frantzisko aita santuak dio: «Jainkoaren barkamena […] bere errukiaren zeinurik handiena da. Barkatua izan den bekatari bakoitzak aurkitzen duen neba-arreba bakoitzarekin partekatuko duen dohaina. Jaungoikoak ondoan jarri dizkigunak – senideak, lagunak, adiskideak…–, guztiek, guk bezala, Jainkoaren errukia beha dute. Ederra da barkamena jasotzea, baina zuk ere, jaso nahi baduzu, eman egin behar. Barkatu! […] bihotza garbitu eta bizitza eraldatzen duen bere barkamenaren lekuko izateko»3.

Augusto Parody eta Bizi-Hitzako taldea


[1] 1 C. Lubich, El primer amor. Cartas de los inicios (1943-1949), Ciudad Nueva, Madril 2011, 122-123 orr.

[2] C. Lubich, Bizi hitza, 2002ko maiatza: Ciudad Nueva 387 (2002/5), 24. Or.

[3 ]Francisco, Entzunaldi orokorra, 2016-03-30: Aita baten samurtasuna. Errukiaren Urte Santuko Katekesia, Ciudad Nueva, Madril 2016, 101. Or.

Normas(500)