Otsaila 2024

 
«Egin dezazuen guztia egin maitasunez» (1 Ko 16, 14)

Hilabete honetan Paulo apostoluaren hitzak eta esperientziak gure burua argitu dezaten utziko dugu, gure biderako argi gisa (ik. Sal 119, 105) [1].

Berak, Korintoko kristauei bezala, mezu indartsu bat iragartzen digu guri ere: Ebanjelioaren muina karitatea da, agapea, senide arteko maitasun desinteresatua.

Gure Bizi-hitza eskutitz honen azken atalaren parte da; bertan karitatea erruz oroitua eta azaldua da bere ñabardura guztietan: eraman onekoa da, zerbitzaria, egia maite du, ez du bere interesa bilatzen (1 Ko 13)…

Elkarrenganako maitasuna, kristau elkartean horrela bizitakoa, kontsolagarri da beti mehatxu egiten duten zatiketetan, eta itxaropen-ikur gizateria osoarentzat.

«Egin dezazuen guztia egin maitasunez».

Harrigarria da Paulok (testu grekoan) aholkatzea «maitasunean egonez» ekitera, baldintza egonkor bat adieraziz bezala, Maitasuna den Jainkoarengan iraunez.

Izan ere, nola egin geniezaioke harrera elkarri, eta pertsona bakoitza jarrera horrekin hartu, Jainkoak lehenik maite gaituela onartuz ez bada, baita gure ahulezietan ere?

Kontzientzia berritu horrek ematen digu besteei beldurrik gabe irekitzeko aukera, haien beharrak ulertzeko eta haien ondoan jartzeko, baliabide materialak eta espiritualak partekatuz.

Begira dezagun Jesusek nola jokatu zuen; bera da gure eredua.

Bera izan zen beti ematen lehena: « […] osasuna gaixoei, barkamena bekatariei, bizitza gu guztioi. Norbereganatzeko berekoikeria senari eskuzabaltasuna kontrajartzen dio; geure beharretan kontzentratzen garenean, bestearenganako arreta; edukitzearen kulturari, ematearena. Ez du axola asko edo gutxi eman dezakegun. Garrantzia duena da nola ematen dugun, zenbat maitasun jartzen dugun bestearenganako keinu xume batean ere. […] Maitasuna funtsezkoa da, lagun hurkoarengana hurbiltzen dakielako, baita keinu sinple batekin ere: entzunez, zerbitzatuz edo behar denerako prest. Zein garrantzitsua den […] maitasuna izaten saiatzea bakoitzarekiko! Bere bihotzean zuzen-zuzen sartu eta arintzeko bidea aurkituko dugu»[2].

«Egin dezazuen guztia egin maitasunez».

Hitz honek besteengana hurbiltzen irakasten digu: errespetuz, faltsukeriarik gabe, sormenez, bere asmo onenei lekua utziz, bakoitzak bere ekarpena egin ahal izan dezan guztion onerako.

Gure eguneroko bizitzan une zehatz bakoitza baloratzen laguntzen digu: «[…] etxeko, landako edo lantegiko lanak, administrazio-izapideak, ikasketa lanak edo erantzukizun zibilak, politikoak edota erlijiosoak. Dena bihur daiteke zerbitzu arretatsu eta arduratsu»[3].

Ebanjelioaren mosaiko bat irudika genezake apaltasunez bizitakoa.

Guraso batzuek idazten dute: «Auzokide batek, larrituta, bere semea kartzelan zegoela esan zigunean, bisitan joatea onartu genuen. Joan aurreko egunean barau egin genuen, komenigarria zitzaion hura esateko grazia eduki genezan. Ondoren bera askatzeko fidantza ordaindu genuen»[4].

Bueako (hego-mendebaldeko Kamerun) gazte talde batek diru-bilketa antolatu zuen gerraren ondorioz desplazatu zirenei laguntzeko[5]. Ihesaldian besoa galdu zuen gizon bat bisitatu zuten. Desgaitasun horrekin bizitzea erronka handia izan zen berarentzat, bere ohiturak gogor aldatu baitziren. «Gure bisitak itxaropena, poza eta konfiantza eman zizkiola esan zigun. Jainkoaren maitasuna sentitu zuen gure bitartez», azaltzen digu Reginak. Maritak gehitzen du: «Esperientzia honen ondoren, ziur nago ezer ez dela txikiegia maitasunagatik egiten bada… Ez da besterik behar: maitasuna da mundua mugitzen duena. Egiazta dezagun!».

Letizia Magri eta Bizi hitzako taldea


[1] Hilabete honetarako Eliza ezberdinetako Alemaniako kristau talde batek urte osoan bizitzeko aukeratu duen Bizi Hitza proposatzen dugu.

[2] C. LUBICH, Bizi hitza, 2006 urria, Ciudad Nuevan 435.zbkia (2006/10), 22. orr.

[3] Ibid.

[4] S. PELLEGRINI, G. SALERNO, M. CAPORALE (eds.), Una transformación silenciosa. Testimonios de familias de todo el mundo sobre Amoris laetitia, Ciudad Nueva, Madril 2022, 84. orr.

[5] https://www.unitedworldproject.org/es/workshop/camerun-compartir-con-los-desplazados/ etik egokitutako testua

Normas(500)