Maiatza 2023

 
«Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz». (Erm 12, 10).

Hil honetako Bizi-Hitza Paulo apostoluak Erromatarrei idatzitako gutun oso aberatsetik aterata dago. Gutun horretan kristau bizitza maitasunak gainezka egiten duen errealitate bat bezala aurkezten du, Jainkoak gure bihotzetan isuri duen maitasuna, doakoa eta mugagabea, eta guk gure aldetik besteei ematen dioguna. Bere esanahia eraginkorragoa izan dadin, Paulok bi kontzeptu sartzen ditu hitz bakar batean, philostorgos, kristau komunitatea desberdintzen duten maitasunaren bi ezaugarri berezi biltzen dituena: lagun-arteko maitasuna eta familia-maitasuna.

«Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz».

Gera gaitezen bereziki senidetasunaren eta elkarrekikotasunaren aspektuan. Paulok idazten duen bezala, kristau elkarteko kideek bata bestearen atal direlako maite dute elkar (12, 5); senide dira eta maitasuna da euren zor bakarra (ik. 13, 8); poztu egiten dira pozez daudenekin eta negar egiten dute negarrez daudenekin (12, 15); ez dute kondenatzen eta ez diote senideari erorbiderik jartzen (ik. 14, 13).

Gure existentzia besteenarekin estu-estu lotuta dago, eta komunitatea Jesusek lurrera ekarritako maitasun-legearen testigantza bizia da. Maitasun zorrotza da, elkarrengatik bizia ematera ere iristen dena. Maitasun zehatz bat da, mila adierazpenez koloreztatua, bestearen ongia, haren zoriona, nahi duena. Neba, arreba, oso osorik errealizatzea ahalbidetzen du eta bestearen dohainak nork baino nork gehiago estimatzea. Norbanakoaren beharrei begiratzen dien maitasuna da, edozer egiten duena inor atzean ez uzteko, bizitza sozial eta kulturalean eta konpromiso politikoan erantzule eta aktibo egiten gaituena.

«Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz».

«I. mendeko komunitateei begiratuz, kristau maitasunak, edonorengana hedatzen zenak, bazuela izen bat ikusten dugu, filadelfia zeritzon eta anaiarteko maitasuna esan nahi du. Garaiko literatura profanoan termino hori odoleko anaien arteko maitasuna adierazteko erabiltzen zen. Ez zen inoiz gizarte bereko kideak adierazteko erabiltzen. Itun Berria da salbuespen bakarra»1. Gazte askok «harreman sakonagoa, sentituagoa, egiazkoagoa izateko exijentzia sentitzen dute. Eta lehen kristauen elkarrekiko maitasunak senide arteko maitasunaren ezaugarri guztiak zituen, indarra eta estimua, adibidez».2

«Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz».

Elkarrekiko maitasuna bizi duen komunitate horretan kideak bereizten dituen ezaugarri bat da ez direla beren baitan ixten, baizik eta bizi diren ingurunean agertzen diren benetako erronkei aurre egiteko prest daudela.

J. K. hungariar herritartasuna duen serbiarra da eta hiru seme-alabaren aita. Lortu du azkenean etxebizitza bat eskuratzeko aukera, baina istripu baten ondorioz ez du baliabide ekonomikorik ez eta gaitasun fisikorik ere berak bakarrik zaharberritzeari ekiteko. Orduan, Fokolareen komunitatea martxan jarri zen Mundu batu baten aldeko gazteek sustatutako, #daretocare3 proiektua abian jarriz.

J.K.-k gogo biziz kontatzen du ekonomikoki bera sostengatzeko sortu zen elkartasun lehiaketa: «Asko etorri ziren laguntzera, eta hiru egunetan teilatua berreraiki eta lur eta lastozko sabaiak igeltsuzko beste batzuengatik aldatu ahal izan genituen». Berritze-lanetan, gainera, Txekiar Errepublikako hainbat pertsonak ere ekonomikoki lagundu zuten. Keinu horrek komunitate zabalago bat egiten du ikusgai, distantzien gainetik dagoena.4

Patrizia Mazzola eta Bizi hitzako taldea


1 Ik. C. Lubich, A los gen, Ciudad Nueva, Madril 1979, 133. orr.

2 Ibid

3 Zaintzera ausartu

4 Serbia: etxe bat eraikitzea etxe izateko artikulutik hartua eta egokitua.

Normas(500)