2020 Urtarrila

 
«Bertako jendeak ohi ez bezalako gizalegez hartu gintuen» (Eg 28, 2)

Itsasoan galdutako berrehun eta hirurogeita hamasei pertsona heltzen dira Mediterraneoko uharte batera, bi aste jitoan ibili ondoren. Blai eginak, akituak, izuak hartuak daude; erabateko ezinean sentitu dira naturaren indarren aurrean eta heriotza aurrez aurre ikusi dute. Berorien artean Erromarantz doan gatibu bat dago, enperadoreak epaitua izatera daramatena.

Ez da gure garaiko berrien arteko kronika bat. Paulo apostoluaren esperientzia baten kontaera da, Erromara bere martiritzaren lekukotzaz bere ebanjelizatze-misioa burutzera eramana denean.

Gatibu egonda ere Paulok, Probidentzian duen fede sendoak lagunduta, bere zoritxar-kideei sostengu ematea lortu du, Maltako hondartza batean lur jo duten arteino.

Han, bertako biztanleak beraien bila datoz, su handi baten inguruan biltzen dituzte indar-berri daitezen eta gero eginahalak egiten dituzte haiei laguntzen. Hiru bat hilabeteren buruan, neguaren azkenean, beharrezkoak ematen dizkiete bidaiari berriro seguru ekin diezaioten.

«Bertako jendeak ohi ez bezalako gizalegez hartu gintuen».

Paulo eta itsasoan galdutako besteak giza onberatasun beroz eta zehatzaz hartuak izan dira, oraindik Ebanjelioaren argia hartu ez duen jendearen partetik. Harrera ez da presaka emandakoa eta inpertsonala, baizik eta ostatuz hartuaren zerbitzuan jartzeko gai dena aurreiritzi kultural, erlijioso edo sozialik gabe. Horretarako nahitaezkoa da pertsona bakoitzaren eta komunitatearen parte hartzea.

Bestea onartzeko gai izatea bere ADNaren parte du edozein pertsonak, Aita errukitsuaren irudia bere baitan itsatsia daraman izakia baita, nahiz eta kristau fedea oraindik piztu gabe edo ahula eduki. Giza bihotzean idatziriko legea da, eta Jainkoaren hitzak Abrahamengandik[1] hasi eta Jesusen errebelazio harrigarriraino argitzen eta indartzen duena: «Arrotz bainintzen eta etxean hartu ninduzuen»[2].

Jaunak berak eskaintzen digu bere graziaren indarra, gure nahimen ahula kristau maitasunaren betera hel dadin.

Esperientzia honen bidez, Paulok irakasten digu, orobat, Jainkoaren probidentziazko esku hartzean konfiantza izaten, eta gure bidean gurutzatzen direnen maitasun zehatzaren bidez hartutako ona estimatzen.

«Bertako jendeak ohi ez bezalako gizalegez hartu gintuen».

Apostoluen Eginak liburuko txatal hau proposatu dute Malta uharteko eliza ezberdinetako kristauek goiburutzat kristauen batasunerako 2020ko otoitz-asterako[3].

Komunitate hauek elkar lanean sostengatzen dituzte pobreen eta migratzaileen aldeko hainbat ekimen: janari-banaketa, haurrentzako arropa eta jostailuak, eta ingelesezko klaseak gizarteratzea suspertzeko. Elkar onartzeko gaitasuna indartzea da beren asmoa, baina baita hainbat elizetako kristauen artean elkartasuna suspertzea ere, horrela fede beraren lekukotasuna zabaltzeko.

Eta guk, nola ematen dugu Jainkoaren maitasunaren testigantza senideen artean? Nola laguntzen dugu familia elkartuak, hiri solidarioak, gizartean komunitate benetan gizatiarrak sorrarazten? Hona hemen Chiara Lubich-ek iradokitzen diguna:

«Jesusek frogatu zigun, maitatzea bestea den bezalakoa onartzea dela, berak gu onartu gintuen modu berean. Bestea onartzea bere gustuekin, ideiekin, akatsekin, ezberdintasunarekin. […] Hari geure barruan leku egitea, geure bihotzetik aurreiritzi, juzku eta arbuio-gogo oro kenduz. […] Aintzarik handiena Jainkoari, geure hurkoa onartzen saiatzen garenean ematen diogu, zeren eta orduan ezartzen baititugu senide elkartasunaren oinarriak, eta ezerk ez dio ematen Jainkoari pertsonen arteko benetako elkartasunak baino poz handiagoa. Elkarrekin bat izateak Jesusen presentzia erakartzen du gure artera, eta Haren presentziak dena aldatzen du. Hurbil gaitezen, bada, lagun hurko bakoitzarengana, hura bihotz osoz onartzeko gogo horrekin, eta lehen edo gero harekin elkar maitasunean bat egin nahiz »[4].

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. Has 18, 1-16.

[2] Mt 25, 35.

[3] Kristauen batasunaren aldeko Astea urtero ospatzen da: ipar hemisferioan urtarrilaren 18tik 25a arte, eta hego hemisferioan, Igokunde eta Mendekoste jaien artean.

[4] C. Lubich, Palabra de vida de diciembre de 1986: Ead., Parole di vita (ed. F. Ciardi), Città Nuova, Roma 2017, pp. 375-376 (próxima publicación en castellano).

Normas(500)