2020 Abuztua

 
«Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik?» (Err 8, 35)

Paulo apostoluak erromatar kristauei idazten dien epistola esanahiez beteriko testu paregabea da. Bertan, Ebanjelioak norbanakoaren bizitzan duen indarra adierazten du; berri emate honek dakarren eraldaketa: Jainkoaren maitasunak libre egiten gaitu!

Pablok bere azalean frogatu du eta horren testigantza izan nahi du hitzekin eta eredu izanez. Jainkoaren deiarekiko bere leialtasunak Erromara eramango du hain zuzen, non Jaunarengatik bere bizia emango duen.

«Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik?»

Zertxobait lehenago Paulo berak zera baieztatu zuen: «Jainkoa gurekin dago!» (Err. 8, 31). Berarentzat, Jainkoak gurekiko duen maitasuna Senar leialaren maitasuna bezalakoa da, bere emaztea inoiz baztertuko ez duena, berarekin libreki elkartu dena, bere odolaren prezioa duen lotura hautsi ezinaren bitartez.

Beraz, Jainkoa ez da epaile bat, baizik eta gure babesaren kargu egiten den Hura baizik. Horregatik ezerk ezingo gaitu Berarengandik banandu Jesus bere Seme kuttunarekin elkartzen garen horretan. Ez dago gure barnean eta inguruan aurki dezakegun zailtasunik, handiak edo txikiak izan, Jainkoaren maitasunarekin gainditu ezin denik. Are gehiago, Pablok dio egoera zailetan hain zuzen ere, Jainkoagan konfiantza duena eta Bere eskuetan jartzen dena «garaile» ateratzen dela (cf. Err 8, 37).

Super-heroi eta supergizonen garai honetan harrokeriarekin eta boterearekin garaile izan nahi denean, Ebanjelioaren proposamena da apaltasunez eraiki eta bestearen arrazoietara irekitzea.

«Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik?»

Hitz hau hobeto ulertu eta bizi ahal izateko Chiara Lubichek gomendatzen diguna lagungarri izan daiteke: «Jainkoaren maitasunean inolako zalantzarik gabe sinesten dugu, edo gutxienez horrela sinetsi nahi dugu. Hala ere, askotan […] gure fedea ez da izan behar lukeen bezain ausarta […] momentu zailetan, gaixoaldi edo tentazioetan adibidez. Oso erraza da zalantzak izatea: “Baina, Jainkoak, benetan maite al nau?”. Ez da posible; ezin dugu zalantzarik izan! Konfiantza osoz eta erreserbarik gabe Aitaren maitasunean murgildu behar gara. Sentitu dezakegun iluntasuna eta hutsunea gainditu eta gurutzea ondo besarkatu behar dugu. Ondoren atera gaitezen Jainkoa maitatzera, bere nahia eginez eta lagun hurkoa maitatuz. Horrela egiten badugu, Jesusen ondoan piztueraren indarra eta poza sentituko ditugu. Bere maitasunean murgildu eta sinesten dutenentzat guztia eraldatzen dela atzemango dugu: negatiboa positibo bihurtzen da; heriotza biziaren iturri eta iluntasunek argi zoragarriari bide egingo die»[1].

«Nork aldenduko gaitu Kristok digun maitasunetik?»

Gerra bezalako zorigaitz triste batean ere, Jainkoaren maitasunean sinesten jarraitzen dutenak onberatasun zirrikituak irekitzen dituzte: «gure herrialdea gerra zentzugabe batean murgilduta dago, hemen Balkanetan. Nire eskoadrilara lehengo ilaran zeuden soldaduak ere etortzen ziren, trauma askorekin bere begien aurrean senide eta lagunak nola hiltzen ziren ikusten zutelako. Banan bana eta ahal nuen gauza guztietan maitatzea besterik ezin nuen egin. Atsedenaldi laburretan, beraiekin hitz egiten saiatzen nintzen egoera horietan barruan izan ohi ditugun hainbat gauzez, baina Jainkoari buruz hitz egitera ere iritsi ginen, askok ez baitzuten sinesten. Momentu horietako batean apaiz bat deitzea proposatu nuen meza bat ospatu zezan. Guztiek onartu zuten ideia eta batzuk adiskidetze sakramentura gerturatu ziren 20 urteren ostean. Jainkoa gurekin han zegoela esan dezaket».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Palabra de vida, agosto 1987, en Ead., Palabras de Vida/1 (1943-1990) (ed. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madrid 2020, pp. 414-415.

Normas(500)