2020 Abendua

 
«Jauna dut argi eta salbamen: nork ni beldurtu?» (Sal 27, 1)

“Mariana jaio eta gutxira, medikuek garuneko lesio bat diagnostikatu zioten. Ezingo luke hitz egin, ezta ibili ere. Jainkoak horrela maita genezan eskatzen zigula sentitu genuen, eta Aitaren besoetara jauzi ginen – horrela idazten du Albak, brasildar ama gazte batek –. Lau urtez bizi izan zen gurekin, eta maitasun mezu bat utzi zigun guztioi. “Ama” edo “aita” hitzak ez genituen inoiz entzun haren ezpainetatik, baina bere isiltasunean begiekin hitz egiten zuen, argi distiratsua baitzeukaten. Ezin izan genion irakatsi bere lehen urratsak ematen, baina berak irakatsi zigun maitasunean lehen urratsak ematen, maitatu ahal izateko geure buruari uko egiten, alegia. Mariana Jainkoaren maitasunaren oparia izan zen familia osoarentzat, esaldi bakar batean laburbil genezakeena: maitasuna ez da hitzez azaltzen”.

Hori gertatzen zaigu gaur gutako bakoitzari ere: gure existentzia osoa gobernatzeko ezintasunaren aurrean, argia behar dugu, nondik irten erakutsiko duen argia bada ere, bizitza berri baten salbamenerako gaur zer urrats egin behar diren erakusteko.

«Jauna dut argi eta salbamen: nork ni beldurtu?»

Oinazearen, beldurraren, zalantzaren, bakardadearen iluntasuna, gure ametsak hutsaltzen dituen “aurkako” egoeren iluntasuna lurreko puntu guztietan eta giza historiako garai guztietan egiten dugun bizipena da, Salmoen liburuan jasotako antzinako otoitz honek dioen bezala.

Ziurrenik, egilea bidegabeki akusatutako pertsona bat izango da, denek baztertu dutena eta epaiketaren zain dagoena. Patu mehatxagarri baten ziurgabetasunean murgilduta dago, baina Jainkoaren eskutan jartzen da. Badaki Jainkoak ez zuela bere herria zailtasun garaian bakarrik utzi, Haren ekintza askatzailea ezagutzen du; horregatik aurkituko du Harengan argia eta babes segurua eta eraso ezina.

Hain zuzen ere, bere hauskortasunaz jabeturik, Jainkoarengan jartzen du bere konfiantza osoa, Haren presentzia jasotzen du bere bizitzan eta horrela,  konfiantzaz itxaroten du behin betiko garaipena, Jainkoaren maitasunak irekitzen dizkion ustekabeko bideetan barrena.

«Jauna dut argi eta salbamen: nork ni beldurtu?»

Hau da une egokia Aitaren maitasunean gure konfiantza pizteko, bere seme-alaben zoriona nahi baitu. Gure kezkak beragan hartzeko prest dago (ik. 1 P 5, 7); beraz, ez gaitezen geurean baitaratu, baizik eta libre izan gaitezen geure argia eta itxaropena besteekin partekatzeko.

Bizi Hitzak, Chiara Lubichek idazten duen bezala, ilunpetik argira doan bidetik gidatzen gaitu, ni izatetik gu izatera eramaten gaitu: “Fedea berpizteko gonbidapena da: Jainkoa existitzen da eta maite nau. […] Pertsona batekin topo egiten dut? Pertsona horren bitartez Jainkoak zerbait esan behar didala sinetsi behar dut. Lan bat egin behar dut? Une horretan haren maitasunean sinesten jarraitzen dut. Atsekabe bat iristen da: Jainkoak maite nauela sinisten dut. Berri on bat iristen da? Jainkoak maite nau. Bera nirekin dago hemen, beti dago nirekin, dena daki nitaz, eta nire pentsamendu, poz, desira guztiak partekatzen ditu nirekin, kezka eta zailtasun oro nirekin daramatza. Nola sustatu ziurtasun hau? […] Bera gure artean bilatuz. Bere izenean bi edo gehiago biltzen direnean, han egongo zela agindu zuen (ik. Mt 18, 20). Beraz, Ebanjelioko elkar maitasunean elkartu gaitezen Bizi Hitza bizi duten guztiekin, bizipenak partekatu ditzagun eta Bere presentziaren fruituak egiaztatuko ditugu: poza, bakea, argia, ausardia. Bera gutako bakoitzarekin egongo da, eta gure eguneroko bizitzan hurbil eta eraginkor sentitzen jarraituko dugu”1.

LETIZIA MAGRI


Bizi Hitza, 2006 uztaila: C. Lubich, Parole di Vita (ed. F. Ciardi), Città Nuova, Roma 2017, pp. 785-786 (hurrengo argitalpena gazteleraz).

Normas(500)