Uztaila 2021

 
«Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu» (Mt 9, 22)

Jesus oinez doa, jendetzak inguratuta: etsita dagoen aita batek erregutu dio hilzorian dagoen bere alabari laguntzeko. Bidean doan bitartean, beste topaketa bat gertatzen da: jendearen artean, duela urte askotatik odol-galerak zituen emakume bat sartzen da; ondorio larriko egoera fisikoa da, familiako eta gizarteko harremanak mugatzera behartzen baitu. Emakumeak ez dio Jesusi deitzen, ez du hitz egiten; atzetik hurbildu eta bere mantuaren orla ukitzera ausartzen da. Oso ideia argia du: “Bere mantua ukituz sendatuko naiz oinazetzen nauen sufrimendu honetatik”.

Eta orduan Jesus beregana itzuliz, begiratu eta lasaitu egiten du: bere fedeak salbazioa lortu dio. Ez bakarrik osasun fisikoa, baizik eta Jesusen begiradaren bitartez Jainkoaren maitasunarekin egiten du topo.

«Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu»

Mateoren Ebanjelioaren pasarte honek ustekabeko ikuspegi bat zabaltzen digu guri ere: Jainkoa beti dago gureganako bidean, baina gure iniziatiba ere espero du harekiko hitzorduari huts ez egiteko; gure fede-bideak balio handia du, nahiz eta gorabeheratsua eta akatsez, ahuleziez eta desilusioez markatua egon. Bera da egiazko Bizitzaren Jauna, eta gu guztiongan, bere seme eta alabengan, isuri nahi du, edozein egoerak ezabatuko ez duen duintasunaren gordailu baikara bere begietara. Horregatik, gaur Jesusek guri ere esaten digu:

«Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu»

Hitz hau bizitzen lagun diezaguke Chiara Lubichek idatzi zuenak, hain zuzen ere, ebanjelioko pasarte honi buruz hausnartuz: «Bere fedeagatik, gizakiak argi erakusten du ez dela bere buruaz fidatzen, baizik eta bera baino indartsuagoa den Norbaiten eskuetan jartzen dela. […] Jesusek “alaba” deitzen dio sendatutako emakumeari, agerian utzi nahi baitio eman nahi dioena: ez bakarrik bere gorputzarentzako dohaina, baizik eta erabat berrituko duen jainkozko bizitza. Izan ere, Jesusek mirariak egiten ditu, Berak dakarren salbamena, barkamena, onartua izan dadin; Jesus bera da Aitaren dohain hori, eta gizakiari komunikatzean, eraldatu egiten du.

[…] Nola bizi, beraz, Hitz hau? Jainkoari gure konfiantza osoa adieraziz premia larrietan. Jarrera honek, noski, ez gaitu gure erantzukizunetatik libratzen, ez gaitu gure esku dagoen guztia egitetik salbuesten […] aitzitik, gure fedea froga dezake. Sufritzen duen emakume horrengan ikusten dugu, hain zuzen ere, bera eta Maisuaren artean jartzen den jendetzaren oztopoa gainditzen dakiena. […] Beraz, fedea izan behar dugu, baina zailtasunaren aurrean zalantzarik egiten ez duen fedea.  Are gehiago: Jesusi erakutsi behar diogu ulertu dugula berak ekarri digun dohain handia, jainkozko bizitzaren dohaina. Eta eskerrak eman. Eta erantzun»[1].

«Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinesmenak sendatu zaitu»

Ziurtasun horri esker, gainera, salbazioa eraman dezakegu, goxotasunez «ukitu» sufritzen ari dena, beharrean dagoena, iluntasunetik eta nahasmenetik igarotzen ari dena.

Honela gertatu zitzaion barkatzeko animoa aurkitu zuen Venezuelako ama bati: «Erabat etsita laguntza bila nenbilela, Ebanjelioari buruzko bilera batean parte hartu nuen, non Jesusen esaldiak entzun nituen: “Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko” (Mt 5, 9) eta “maitatu etsaiak” (Lk 6, 35). Nola barkatuko nuen semea hil zidana? Baina bitartean hazia nigan ernetu zen, eta azkenean barkatzeko erabakia nagusitu zen. Orain benetan “Jainkoaren alaba” deitu naiteke. Duela gutxi, nire semea hil zuenarekin aurrez aurreko batera deitu ninduten, atxilotua izan zelako. Gogorra izan zen, baina graziak parte hartu zuen. Bihotzean ez nuen ez gorrotorik ez ezinikusirik, baizik eta bereganako erruki handi bat eta errukiari gomendatzeko asmoa.

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Bizi hitza 1997ko uztaila: Ciudad Nueva 334 (1997/7), 29. Orr.

Normas(500)