2022 Urtarrila

 
«Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz» (Mt 2, 2)

Hitz hauek, Mateoren Ebanjelioak bakarrik jasotzen dituenak, urrutitik Jesus haurrari bisita misteriotsu samarra egitera iritsi diren «jakintsu» batzuek esaten dituzte.

Bide luze bati ekiten dion talde txiki bat da; argi txiki bati jarraituz, Argi handiago, unibertsal baten bila: munduan jada jaio den eta presente dagoen Erregea. Haietaz ez dakigu gehiago, baina pasarte hau hausnarketarako eta kristau bizitzarako arrazoiz betea dago.

Ekialde Hurbileko kristauek aukeratu eta proposatu dute aurten «kristauen batasunaren aldeko otoitz-astea»[1] ospatzeko. Aukera ederra da elkarrekin bidean berriro jartzeko, elkarri harrera egiteko prest, baina, batez ere, Jainkoaren asmoa betetzeko prest: lurreko pertsona eta herri guztientzat bere maitasunaren lekuko izatea.

«Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz».

Hau diote Ekialde Hurbileko kristauek Otoitz Aste honetarako proposamenekin batera doan dokumentuan: «[…] Judeako zeruan agertu zen izarra luzaroan esperotako itxaropenaren adierazgarri da, eta Magoak – eta eurengan, benetan, lurreko herri guztiak – benetako Errege eta Salbatzailea agertzen den lekura eramaten ditu. Izarra dohain bat da, Jainkoak gizateria osoarentzat duen maitasunezko presentziaren zeinu bat. […] Magoek Jainkoak desio duen herri guztien batasuna erakusten digute. Urrutiko herrialdeetatik bidaiatzen dute eta kultura ezberdinak ordezkatzen dituzte, eta, hala ere, Errege jaioberria ikusteko eta ezagutzeko gogoak bultzatzen ditu; Belengo estalpean biltzen dira, hura ohoratzeko eta opariak eskaintzeko. Jainkoak mundu osorako desio duen batasunaren zeinu izatera deituak daude kristauak munduan. Kristauek, kultura, arraza eta hizkuntza desberdinak izan arren, Kristo bilatzeko eta gurtzeko nahi bera partekatzen dute. Kristauen eginkizuna, beraz, zeinu bat izatea da, izarra bezala, Jainkoaren egarri den gizateria gidatzeko eta Kristorengana eramateko, eta Jainkoaren tresna izan jende guztiaren batasuna gauzatzeko»[2]. Magoentzat distiratzen duen izarra denentzat da, batez ere maitasunak argitzen uzten duen kontzientziaren sakonean piztua. Denok zorroztu dezakegu begirada, hura aurkitu, hari jarraitzeko bidean jarri eta Jainkoarekin eta anai-arrebekin gure eguneroko bizitzan elkartzeko helburua lortu, gure aberastasunak guztiekin partekatzeko.

«Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz».

Jainkoa ohoratzea funtsezkoa da Haren aurrean garen bezala ezagutzeko: txikiak, hauskorrak, barkamena eta errukiaren beharrean beti, eta, horregatik, besteekiko jarrera berbera izatera benetan prest daudenak. Ohore hori, Jainkoari bakarrik zor zaiona, gurtzan adierazten da guztiz.

Chiara Lubichen hitz hauekin laguntzen utzi gaitezke: «[…] Zer esan nahi du Jainkoa “adoratzeak”? Berarengana bakarrik zuzentzen den jarrera da. Gurtzeak Jainkoari hitz hauek zuzentzea esan nahi du: “Zu dena zara “, hau da, “Zu zarena zara”; eta nik pribilegio izugarria daukat bizitzan hori ezagutzeko. […]: “ni ez naiz ezer” ere esan nahi du. […] Eta ez hitzez bakarrik esana. Jainkoa gurtzeko, gu ezereztu behar gara, eta Hark gugan eta munduan arrakasta izan dezan lortu behar dugu. […] Baina gure ezerezaren eta Jainkoaren osotasunaren aldarrikapen existentzialera iristeko biderik seguruena guztiz positiboa da. Gure pentsamenduak deuseztatzeko, Jainkoarengan pentsatu besterik ez dugu egin behar, eta Ebanjelioan agertzen zaizkigun bere pentsamenduak eduki. Gure nahia deuseztatzeko, haren nahia bete besterik ez dugu, momentuero adierazten zaiguna. Gure afektu desordenatuak deuseztatzeko, aski da bihotzean Harenganako maitasuna izatea eta gure lagun hurkoak maitatzea haien irrikak, penak, arazoak, pozak partekatuz. Beti “maitasuna” baldin bagara, konturatu gabe, ezer ez izango gara geure kabuz. Eta gure ezereza biziz, Jainkoaren nagusitasuna baieztatzen dugu bizitzarekin, Hura guztia dela, eta horrela irekitzen gara Jainkoa benetan gurtzera»[3].

 

«Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz».

Ekialde Hurbileko kristauen ondorioak onartu ditzakegu: «Salbatzailea ezagutu eta elkarrekin adoratu ondoren, Magoak, ametsetan ohartarazita, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdeetara. Era berean, otoitzean partekatzen dugun komunioak gure bizitzetara, gure Elizetara eta mundu osora bide berriak eginez itzultzeko inspiratu behar gaitu. […] Ebanjelioaren zerbitzura jartzeak giza duintasuna defendatzeko ahalegina eskatzen du gaur egun, behartsuenen, ahulenen eta baztertuenena batez ere. […] Elizentzako bide berria ikusgai den batasunaren bidea da, sakrifioz, adorez eta ausardiaz bilatzen duguna, horrela, egunez egun, “Jainkoa guztiongan dena izan dadin” (1 Co 15, 28)[4].

LETIZIA MAGRI


[1] «Kristauen batasunaren aldeko otoitz astea» ospatzeko ohiko eguna urtarrilaren 18tik 25era da ipar hemisferioan. Hego hemisferioan, urtarrila opor garaia denez, Elizek Otoitz Astea beste egun batzuetan ospatzen dute, Mendekoste egunean adibidez, garai sinbolikoa baita elizen batasunerako ere. Urte osoan elkarrizketa ekumenikoaren konpromisoa bizirik edukitzeko gonbidapena ere bada.

[2] Cf. http://www.christianunity.va/content/unitacristiani/it/news/2021/spuc-2022.html

[3] C. Lubich, «Bizi Hitza», 2005 otsaiala: Ciudad Nueva 417 zbkia. (2/2005), 22-23

[4] Cf. http://www.christianunity.va/content/unitacristiani/it/news/2021/spuc-2022.html

Normas(500)