2022 Abendua

 
«Izan beti konfiantza Jaunarengan, Jauna suntsiezineko harkaitza da eta». (Is 26, 4)

Hil honetan bizi nahi dugun Bizi Hitza Isaias profetaren Liburutik hartua dago. Testu luze eta aberatsa da, kristau tradizioak asko estimatzen duena; izan ere, oso orrialde maitatuak ditu, hala nola Emmanuelen iragarkia, «Jainkoa gurekin» (ik. Is 7, 14; Mt 1, 23), edo oinazeetako Mirabearen irudia (ik. Is 52, 13 – 53, 12), Jesusen pasio eta heriotzaren kontakizunen oinarri.

Profetak Israelgo herriaren ahotan jartzen duen esker oneko kantuaren zati bat da bertseta hau, erbestearen froga izugarria amaitu eta azkenik Jerusalemera itzultzera doazenean. Haren hitzek itxaropenari zabaltzen dizkiote bihotzak, Jainkoaren presentzia leiala baita Israelen ondoan, haitza bezain hautsezina; Hark berak eutsiko dio herriaren ahalegin orori berreraikuntza zibil, politiko eta erlijiosoan.

Bere burua «garaitzat» (ik. Is 26, 5) jotzen duen hiria boteretik kenduko du, Jainkoaren maitasun-proiektuaren arabera eraikita ez dagoelako; Harengandik hurbil dagoen harkaitzaren gainean eraikita dagoenak, berriz, bakea eta oparotasuna izango ditu.

«Izan beti konfiantza Jaunarengan, Jauna suntsiezineko harkaitza da eta».

Zein gaur-gaurkoa den egonkortasun- eta bake-premia hori! Gu ere, pertsonalki eta kolektiboki, historiaren une ilunak pasatzen ari gara, ziurgabetasunaren eta etorkizunarekiko beldurraren pean zapalduko gaituztela mehatxatzen dutenak.

Nola gainditu orainaldiko zailtasunengatik lur jota uzteko tentazioa, geure baitan giltzapetu eta besteekiko susmo eta mesfidantza sentimenduak lantzeko tentazioa?

Kristauentzat, erantzuna, zalantzarik gabe, Jainkoarekiko konfiantzazko harremana ausardiaz «berreraikitzea» da; Bera, Jesusengan, gure hurko egin zen bizitzaren bideetan zehar, baita bide ilunenetan, estuenetan eta malkartsuenetan ere.

Baina fede honek ez du esan nahi pasiboki itxaroten geratzea. Aitzitik, aktiboki lan egitea eskatzen du, elkarrekiko maitasunaren aginduan oinarritutako «hiri berri» bat eraikitzen protagonista sortzaile eta arduratsuak izateko. Ateak zabalik dituen hiria, guztiak hartzen dituena, batez ere «behartsu eta zapalduak» (ik. Is 26, 6), Jaunaren kuttunak betidanik.

Eta bide horretatik, ziur gaude solidaritatearen eta pertsona bakoitzaren duintasunaren balio unibertsalak bihotzean lantzen dituzten gizon-emakume askoren laguntza izango dugula, sorkuntza ere errespetatuz, gure «etxe komuna».

«Izan beti konfiantza Jaunarengan, Jauna suntsiezineko harkaitza da eta».

Murtziako Aljucer herrian (Espainia), komunitate oso bat buru-belarri ari da senidetasun-harremanak eraikitzen, parte-hartze ireki eta inklusiboko moduen bidez.

Horrela diote: «2008ko udan kultur elkarte bat sortu genuen hainbat motatako jarduerak garatzeko helburuarekin, bai gure ekimenez, bai lurraldeko beste elkarte batzuekin lankidetzan, elkarrizketarako guneak eta nazioarteko proiektu humanitarioak sustatzeko.

Adibidez, hasi ginenetik afari solidario bat sustatzen dugu urtero Fraternity with Africa proiekturako, gutxienez bost urtez beren herrialdean lan egiteko konpromisoa hartzen duten afrikar gazteentzako bekak finantzatzeko. 200 lagun inguru biltzen dituzten afariak dira, eta dendek eta elkarteek parte hartzen dute.

Oso pozik gaude aspaldidanik beste elkarte batekin lan egiteaz. Elkarrekin urtero ekitaldi bat antolatzen dugu kulturaren, musikaren, pinturaren eta literaturaren munduko pertsona ospetsuei irekia, baina baita politika, ekonomia eta medikuntzaren adierazleentzat ere. Guztientzat da aukera beren esperientziak eta ekintzen motibazio sakonenak partekatzeko»[1].

«Izan beti konfiantza Jaunarengan, Jauna suntsiezineko harkaitza da eta».

Gabonen zain gaude. Presta gaitezen oraintxe bertan Jesus bere Hitzean hartuz. Harkaitz horren gainean eraiki behar da gizakien hiria ere: «Geure egin dezagun, gauzatu dezagun, zenbat bizi-ahalmen askatzen duen esperimentatu dezagun bizi dugunean, gugan eta gure inguruan. Maitemindu gaitezen Ebanjelioaz eraldatu gaitzan utzi eta besteengana isuri arte. […] Horrela ez gara gu biziko, baizik eta guregan Kristo osatuko da. Gure ni-tik, gure mugetatik, gure esklabutzetatik aske sentituko gara; eta, gainera, Jesusek, gugan libre bizi delarik, parte garen gizarte-ehunean eragingo duen maitasun-iraultza lehertzen ikusiko dugu»[2]. 

LETIZIA MAGRI


[1] www.focolare.org webgunetik hartutako esperientzia

[2] C. Lubich, Bizi-Hitza, iraila 2006, Ciudad Nueva 434 zb. (8-9/2000), 23. orr.

Normas(500)