Otsaila 2023

 
«Zeu zara ikusi nauzun Jainkoa.» (Has 16, 13).

Hil honetako Bizi-Hitzaren bertseta Genesiko liburutik hartua dago. Agarrek esandako hitzak dira. Agar, Abrahanen emazte Sararen esklaboa zen eta Sarak semerik eduki ezin zuenez Agar eman zion emazte gisa Abrahani eta, horrela, ondorengoak ziurtatu. Agar haurdun dagoela ohartzen denean, etxekoandrea baino gehiago sentitzen da. Sararen tratu txarrak basamortura ihes egitera behartzen du geroago. Eta han gertatzen da, hain zuzen ere, Jainkoaren eta emakumearen arteko topaketa paregabea, Jainkoak Abrahani egin zion ondorengotzaren antzeko promesa jasotzen duena. Jaioko den semea Ismael deituko da, «Jainkoak entzun du» esan nahi duena, Agarren larritasuna hartu eta leinu bat eman baitio.

«Zeu zara ikusi nauzun Jainkoa.»

Agarren erreakzioak antzinako munduan ohikoa den ideia bat islatzen du: gizakiek ezin dutela jainkotasunarekin oso hurbiletik topo egin. Agar harrituta eta eskertuta geratzen da bizirik atera delako. Hain zuzen ere, basamortuan esperimentatzen du Jaungoikoaren maitasuna, Berarekin elkartze pertsonala esperimentatu daiteken leku pribilegiatuan; Haren presentzia esperimentatu du eta Agarrek bizi duen egoera mingarrian «ikusi» duen Jaungoikoak maite duela sentitu du, bere kreaturetaz arduratu eta bere maitasunaz biltzen dituen Jainkoa. «Ez da Jainko aldendua, urruna, gizateriaren zoriarekiko axolagabea, ezta gutako bakoitzaren zortearekiko ere. Horrela esperimentatzen dugu askotan. […] Bera nirekin dago hemen, nitaz dena daki eta nire pentsamendu, poz edo desio bakoitza partekatzen du, nire bizitzako kezka eta froga bakoitza nirekin darama»[1].

«Zeu zara ikusi nauzun Jainkoa.»

Bizi-Hitz honek ziurtasun bat berpizten du eta kontsolatu egiten gaitu: ez gaude inoiz bakarrik gure bidean; Jainkoa hor dago eta maite gaitu. Batzuetan, Agar bezala, «atzerritar» sentitzen gara lurralde honetan, edo egoera gogor eta mingarrietatik ihes egiteko moduak bilatzen ditugu. Baina Jaungoikoaren presentziaz eta Harekiko gure harremanaz ziur egon behar dugu, aske egiten gaituelako, sosegatzen gaituelako eta beti berriro hasteko aukera ematen digulako.

Horixe izan zen pandemian bakarrik bizi izan zen P.ren esperientzia. Honela dio: «Gure herrialdeko jarduera guztiak ixten hasi zirenetik, bakarrik nago etxean. Ez dut inor, fisikoki gertu, esperientzia hau partekatzeko, eta egunak ahal dudan moduan betetzen saiatzen naiz. Denbora aurrera joan ahala, gero eta gogogabetuago sentitzen naiz. Gauez asko kostatzen zait lo hartzea. Amesgaizto honetatik inoiz ez naizela aterako iruditzen zait. Baina biziki sentitzen dut Jainkoaren esku utzi behar dudala neure burua eta haren maitasunean sinetsi. Ez dut bere presentziaren zalantzarik, bakardadeko hilabete hauetan lagundu eta suspertzen nauena. Senideen seinale txikiak iristen zaizkit, bakarrik ez nagoela ulertarazten didatenak. Behin gertatu zen bezala, lagun baten urtebetetzea online ospatzen ari nintzen eta une horretan nire bizilagunaren partetik tarta zati bat iritsi zitzaidan».

«Zeu zara ikusi nauzun Jainkoa.»

Horrela, Jainkoaren presentziak babesturik, gu ere haren maitasunaren mezulari izan gaitezke: besteen beharrak ikustera deituak gaude, gure senideak beren basamortuetan laguntzera, haien pozak eta oinazeak partekatzera. Ahalegina, geu ere parte garen, gizateriari begiak zabalik edukitzean datza.

Gelditu gaitezke eta gure hurbiltasuna adierazi bizitzak jartzen dituen hainbat «zergatien» zentzua eta erantzuna bilatzen ari direnei: senideak, lagunak, ezagunak, bizilagunak, lankideak, arazo ekonomikoak dituzten pertsonak eta agian gizartean baztertuta daudenak.

Jainkoaren maitasuna ezagutu eta gure bizitzaren zentzua berraurkitu dugun une eder horiek gogoratu eta parteka ditzakegu.

Zailtasunei elkarrekin aurre egin diezaiekegu eta Jaungoikoaren presentzia deskubritu gure historian zeharkatzen ditugun basamortuetan.

Patrizia Mazzola eta Bizi-Hitzaren taldea.


[1] C. Lubich, Bizi-Hitza, uztaila 2006: Ciudad Nueva 433 zb. (2006/7), 29. or.

Normas(500)