2019 Azaroa

 
«Poztu pozez daudenekin; egin negar negarrez daudenekin» (Erm 12, 15)

Jainkoak gizadiari, Jesusengan eta Espiritua ematean, egin dizkion opari handiez Erromako kristauak ilustratu ondoren, Paulo apostoluak adierazten die nola erantzun hartutako graziari, batez ere beraien arteko eta denekiko harremanetan.

Paulok, fede bera bizi dutenen arteko maitasunetik gizaki guztiei zuzenduriko maitasun ebanjelikora pasatzera gonbidatzen ditu, zeren eta fededunentzat maitasunak ez baitu mugarik eta ezin da izan gutxi batzuentzat bakarrik.

Xehetasun interesgarria hauxe: lehenik anai-arrebekin partekatutako poza aurkitzen dugu. Izan ere, Joan Krisostomo Eliz guraso ospetsuak dioenez, inbidiak askoz zailagoa egiten baitu besteekin poza bizitzea, penak bizitzea baino.

Horrela bizitzea badirudi mendi eskalatu eta gailur egin ezina. Baina egin dezakeguna da, zeren eta Kristoren maitasunak sostengatzen baititu fededunak, eta maitasun horretatik ezin baititu ezerk eta inork aldendu (ik. Erm 8, 35).

«Poztu pozez daudenekin; egin negar negarrez daudenekin».

Pauloren esaldi hau komentatuz, Chiara Lubichek idatzi zuen: «Kristau moduan maitatzeko, “bat egin” behar da senide bakoitzarekin […]; ahal bezain sakon sartu haren baitan; haren arazoak eta premiak benetan ulertu; haren sufrimenduak eta pozak partekatu; harengana makurtu; nolabait hura bera izan, bestea izan. Hori da kristau fedea: Jesus gizon egin da, gizaki egin da gu Jainko egiteko; horrela, lagun hurkoa ulertua sentitzen da, gozatua»[1].

Hitz hau gonbidapen bat da «bestearen baitan» sartzera, espresio horrek benetako karitatea zehazki adierazten duelarik. Agian ama baten maitasuna daiteke adibiderik onena Hitz honen praktika ilustratzeko: amak badaki pozik den seme-alabaren poza eta sufritzen duenaren negarra partekatzen, juzku eta aurreiritzirik gabe.

«Poztu pozez daudenekin; egin negar negarrez daudenekin».

Sekretu bat dago maitasuna dimentsio horrekin bizitzeko, gu geure kezketan, interesetan edo munduan itxita gelditu gabe: Jainkoarekiko lotura indartzea, Maitasunaren iturri bera den Harekin harremana estutzea. Zuhaitz baten adaburua bere sustraien diametroaren araberakoa izaten dela esaten da. Hori bera gertatuko zaigu guri ere: egunez egun, Jainkoarekin dugun harremana sakonki sendotzen badugu, gugan ere hazi egingo da gure ondoan direnen poza partekatzeko eta zamak eramateko gogoa; gure bihotza zabaldu egingo da eta gaitasun handiagoa hartuko du, une honetan alboan dugun senideak bizi duen guztia biltzeko. Aldi berean, senidearekiko maitasunak Jainkoarekiko intimitatean are gehiago sarraraziko gaitu.

Horrela bizituz, aldaketa bat ikusiko dugu gabiltzan lekuetan, hasteko familiako harremanetan, gero eskolan, lantokian eta komunitatean; eta esker onez probatuko dugu, lehenago edo geroago, maitasun zintzoa eta doakoa bueltan etortzen dela eta elkarrekikoa egiten dela.

Hau da zailtasun- eta itxaropen-uneak partekatu dituzten bi familiaren, bata kristaua eta bestea musulmanaren, esperientzia sendoa. Ben larriki gaixorik erortzen denean, Tatiana eta Paolo Basma haren emaztearekin eta bi seme-alabekin daude ospitalean, azkena etorri arte. Senarra galtzearen minaren erdian ere, Basmak bere lagun kristauekin otoitz egiten du gaixotasun larria duen beste pertsona baten alde, bere belaun-estera La Meka hirira begira jarriz. Honela dio: «Pozik handiena gorputz bakar baten parte sentitzea da, bertan bakoitzak bere bihotzean bestearen ona duelarik».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, El amor recíproco: núcleo fundamental de la espiritualidad de la unidad, congreso de los ortodoxos, Castel Gandolfo 30-3-1989, p. 4.

Normas(500)