2020 Iraila

 
«Eman eta (Jainkoak) emango dizue neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora» (Lk 6,38).

«Ikasleetariko asko harekin ziren; bai eta herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo itsasaldetik etorria …» (Lk 6, 17-18): horrela aurkezten du Lukas ebanjelariak Jesusen hitzaldi luzea, zoriontasunak, Jainkoaren Erresumaren eskakizunak eta Aitak bere seme-alabei egindako promesak aldarrikatzen dituena.

Jesusek bere mezua libreki iragartzen die entzutera joan diren herri eta kultura ezberdinetako gizon eta emakumeei; mezu unibertsala da, denei zuzendua eta denek har dezaketena pertsona bezala errealizatzeko, Jainko Maitasunak bere irudira sortutako pertsonak bezala.

«Eman eta (Jainkoak) emango dizue neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora».

Jesusek Ebanjelioaren berritasuna azaltzen du: aitak bere seme-alaba bakoitza pertsonalki maite du «gainezka» egiten duen maitasunez, eta gero eta eskuzabalago, neba-arrebengana bihotza zabaltzeko gaitasuna ematen dio. Hitz larri eta zorrotzak dira: guretik eman; gauza materialak, bai, baina baita harrera, errukia, barkamena, ere; eskuzabaltasunez, Jainkoak egiten duen bezala.

Altzoan isuritako sari ugariaren irudi horrek aditzera ematen digu Jainkoak guganako duen maitasunaren neurria neurrigabea dela, bere promesak gure itxaropenen gainetik betetzen direla, eta, aldi berean, gure kalkulu eta epeen irrikatik askatzen gaituela, baita besteengandik gure neurriaren araberako erantzuna ez jasotzearen desilusiotik ere.

«Eman eta (Jainkoak) emango dizue neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora».

Jesusen gonbidapen hori dela eta, Chiara Lubichek zera idatzi zuen: «Ez al zaizu gertatu inoiz, lagun baten oparia jasotzean zuk ere beste horrenbeste egin nahi izatea? […] Horrela gertatzen bazaizu zuri, imajina ezazu Jainkoari, Maitasuna den Jainkoari. Lagun hurkoari bere izenean egiten diogun opari bakoitza saritzen du berak beti. […] Jainkoak ez du horrela jokatzen zu edo gu aberasteko, […] zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago eman dezakegulako baizik; Jainkoaren ondasunen benetako administratzaile gisa gauza guztiak zirkularazi ditzagun gure inguruko komunitatean. Egia esan, Jesusek Paradisuan izango dugun sarian pentsatzen zuen lehenik, baina lur honetan gertatzen den guztia horren atarikoa eta bermea da»[1].

«Eman eta (Jainkoak) emango dizue neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora».

Eta zer gertatuko litzateke maitasun hau beste gizon eta emakume askorekin batera praktikatzeko konpromisoa hartuko bagenu? Iraultza soziala ekarriko luke.

Horrela dio Espainiako Jesusek: «Emaztea eta biok aholkularitza eta prestakuntzan egiten dugu lan. Izugarri gustatu zitzaizkigun Elkartasun Ekonomiaren2 printzipioak, eta besteei beste era batera begiratzen ikasi nahi izan genuen: enplegatuei, beharrezko soldatak eta kaleratzeen ordezko aukerak kontuan hartuz; hornitzaileei, prezioak, ordainketak eta iraupen luzeko harremanak errespetatuz; lehiariei, elkarrekin ikastaroak antolatuz eta gure esperientzia eskainiz; bezeroei, kontzientziaz aholkatuz, gure interesaren kontura bazen ere. Sortutako konfiantzak salbatu gintuen 2008ko krisia iritsi zenean. Geroago, “Levántate y Anda” GKEaren bidez, Boli Kostan gaztelaniako irakasle bat ezagutu genuen. Erditze-gela bat eraiki nahi zuen bere herriko bizi-baldintzak hobetzeko. Proiektua aztertu eta beharrezko kopurua eman genion. Ezin zuen sinetsi. Enpresako irabaziak zirela azaldu behar izan nion. “Anaitasuna” deritzon amaetxea, musulmanek eta kristauek eraiki zutena, gaur egun elkarbizitzaren sinboloa da. Azken urteotan, gure enpresaren irabaziak hamar aldiz biderkatu dira”.

LETIZIA MAGRI


1 C. Lubich, Palabra de vida, junio 1978, en Ead., Palabras de vida/1 (1943-1990) (ed. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madrid 2020, pp. 106-108.

2 https://www.edc-online.org/es/

 

Normas(500)