2022 Maiatza

 
«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela» (Jn 13, 34)

Azken afariaren unean gaude. Jesus, bere ikasleekin mahaian eserita, oinak garbitu berri dizkie. Ordu batzuk barru atxilotu, heriotzara zigortu eta gurutziltzatu egingo dute. Denbora laburtzen denean eta helmuga hurbiltzen denean, gauzarik garrantzitsuenak esaten dira: «testamentua» uzten da.

Testuinguru honetan, Eukaristiaren eratzearen ordez, Joanen Ebanjelioak oinen garbiketa kontatzen du. Eta honen argitan ulertu behar da agindu berria. Jesusek lehenbizi egin eta gero irakatsi egiten du, eta horregatik bere hitzak autoritatea du.

Hurkoa maitatzeko agindua bazegoen jada Itun Zaharrean: «Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala» (Lb 19, 18). Baina Jesusek honen alde berri bat argitzen du, elkarrekikotasuna: elkarrekiko maitasunak sortzen eta bereizten du bere ikasleen komunitatea.

Honek bizitza jainkotiar berean du sustraia, gizakia Semeari esker partekatzeko gaituta dagoen hirutasunaren dinamikan. Chiara Lubichek irudi batekin erakusten digu: «Jesus, lurrera etorri zenean, ez zen ezerezetik etorri, gutako bakoitza bezala, baizik eta Zerutik etorri zen. Emigrante bat bezala da, urrutiko herrialde batera joaten denean inguru berrira egokitzen da, baina bere usadio eta ohiturak berekin daramatza eta bere hizkuntzan hitz egiten jarraitzen du. Jesus ere gizakien bizitzara egokitu zen lurrean, baina Jainkoa zenez, Zeruko bizimodua ekarri zuen, Hirutasunarena,  maitasuna alegia, elkarrekiko maitasuna»[1].

«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela».

Hemen Jesusen mezuaren muinean sartzen gara, lehen kristau komunitate kementsuetara garamatzana eta gaur egun gure talde eta elkarte guztien bereizgarri izaten jarrai dezakeena. Elkarrekikotasuna errealitate bizia den giro batean, gure existentziak zentzua duela esperimentatzen dugu, oinaze eta sufrimendu uneetan aurrera jarraitzeko indarra aurkitzen dugu, ezinbesteko zailtasunetan sostengatuta sentitzen gara eta poza dastatzen dugu.

Egunero erronka askori egiten diegu aurre: pandemia, polarizazioa, pobrezia, gatazkak. Irudikatu dezagun une batez zer gertatuko litzatekeen Hitz hau egunerokoan praktikan jartzea lortuko bagenu: perspektiba berrien aurrean egongo ginateke, gure begien aurrean gizateriaren proiektua zabalduko litzateke, itxaropenerako arrazoia. Baina nork eragozten digu Bizitza hau gugan berpiztea eta gure inguruan senidetasunezko harremanak suspertzea eta mundua bete arte hedatzea?

«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela».

Marta gazte boluntarioa da eta atxilotuta daudenei unibertsitateko azterketak prestatzen laguntzen die. «Kartzelara sartu nintzen lehen aldian beldurrez eta hauskortasunez betetako pertsonekin egin nuen topo. Harreman profesional bat sortzen saiatu nintzen eta gero adiskidetasuna, errespetuan eta entzutean oinarritua. Laster konturatu nintzen ez nintzela ni presoei laguntzen zien bakarra, haiek ere ni eusten nindutela. Behin, azterketa baterako ikasle bati laguntzen ari nintzela, nire familiako pertsona bat hil zen, eta aldi berean ikasle honi kondena berretsi zioten apelazioko auzitegian. Oso egoera txarrean geunden biok. Klasean ikasle hura min handi bat bizitzen ari zela konturatu nintzen eta niri kontatzeko gai izan zen. Oinaze haren zama elkarrekin eramateak aurrera egiten lagundu zigun. Azterketaren amaieran eskerrak ematera etorri zen, eta ni gabe ez zuela lortuko esan zidan. Batetik nire familiako norbait galdu nuen, baina bestetik bizitza bat salbatu nuela sentitzen nuen. Elkarrekikotasunak benetako, adiskidetasunezko eta errespetuzko harremanak sortzea ahalbidetzen duela ulertu nuen ».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich: María, transparencia de Dios. Madrid: Editorial Ciudad Nueva, 2003; pp. 83-84

Normas(500)