2022 Azaroa

 
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango» (Mt 5, 7)

Mateoren Ebanjelioan, mendiko diskurtsoa Jesusen bizitza publikoa hasi ondoren doa. Mendia Sinai mendi berri baten sinbolotzat hartzen da, non Kristok bere «legea» Moises berri gisa eskaintzen duen. Aurreko kapituluak Jesusi jarraitzen hasi zen jendetza handiaz hitz egiten du, eta zuzentzen zizkien irakaspenaz. Diskurtso hau, ordea, Jesusek bere dizipuluei zuzentzen die, sortzen ari zen komunitateari, geroago kristau deituko zirenei. Jesusek «zeruetako Erreinua» aurkezten du, bere predikuaren muina (ik. Mt 4, 23; 5, 19-20); eta, horren barruan, zoriontasunek bere adierazpen programatikoa irudikatzen dute, salbazioaren mezua, «Berri Ona osoaren sintesia, Jainkoaren salbamen-maitasunaren errebelazioa»[1].

«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango»

Zer da errukia? Nortzuk dira errukiorrak? Esaldia «zorionekoa/k»[2] hitzetik hasten da, dohatsua, zoriontsua, esan nahi du, eta Jainkoak bedeinkatua izatearen zentzua ere hartzen du. Testuan, bederatzi zorionbideen artean, hau erdigunean dago. Zorionen helburua ez da saritzen diren portaerak irudikatzea, Jainkoaren antzekoagoak izateko benetako aukerak baizik. Errukitsuak, bereziki, bihotza Harenganako eta senideenganako maitasunez beterik dutenak dira, maitasun konkretu bat, azkenen, ahaztuen, pobreen aldera makurtzen dena, maitasun desinteresatu hau behar dutenengana; izan ere, Errukia Jainkoaren ezaugarrietako[3] bat da; Jesus bera errukia da.

«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango»

Zorionbideek eraldatu eta irauli egiten dituzte gure pentsaeraren printzipio arruntenak. Ez dira kontsolamendu hitz soilak, bihotza aldatzeko ahalmena dute, gizatasun berri bat sortzeko gaitasuna dute, Hitzaren iragarpena eraginkor egiten dute. Errukiaren zorionbidea geure buruarekin ere bizi behar dugu, Jainkoak gutariko bakoitzarengatik duen maitasun harrigarri, handiegi eta neurrigabe horren premia dugula aitortu behar dugu.

«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango»

Erruki hitza hebreeratik dator, (rahamim hitza rehem, amaren sabela, hitzetik dator), eta mugarik gabeko jainkozko errukia gogorarazten du, ama batek bere haurrarekiko duen errukia bezala. «Neurtzen ez duen maitasuna da, ugaria, unibertsala, zehatza.

Elkarrekikotasuna pizteko joera duen maitasuna da, errukiaren azken helburua. Beraz, irainen baten edo bidegabekeriaren baten biktima izan bagara, barkatu dezagun eta barkatu egingo zaigu. Izan gaitezen errukitsu eta bihozbera izaten lehenak! Zaila eta ausarta dirudien arren, hurko bakoitzaren aurrean galde diezaiogun geure buruari: nola jokatuko luke amak berarekin? Jainkoak nahi duenaren arabera ulertzen eta bizitzen laguntzen digun pentsamoldea da»[4].

«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango»

«Ezkondu eta bi urtera, gure alabak eta bere senarrak banatzea erabaki zuten. Etxean hartu genuen berriro, eta tentsio-uneetan pazientzia, ulermen eta barkamenarekin maitatzen saiatzen ginen, irekitasun harreman bat mantentzen berarekin eta senarrarekin, eta, batez ere, ez epaitzen ahalegintzen ginen. Hiru hilabetez eskainitako entzutearen, laguntza diskretuaren eta otoitz askoren ondoren, berriro elkartu ziren, kontzientzia, konfiantza eta itxaropen berrituekin»[5].

Izan ere, errukiorrak izatea barkatzea baino gehiago da. Bihotz handia izatea da, dena ezabatzeko presa izatea, besteekin dugun harremana oztopa dezakeen guztia erabat erretzeko presa izatea. Errukiorrak izateko Jesusen gonbitea jatorrizko helburura berriro hurbiltzeko bide bat eskaintzean datza, horrela, sortuak izan garen horretan bilakatu ahal izateko: Jainkoaren irudi eta antzera izateko.

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Bizi-Hitza, azaroa 2000, Ciudad Nueva-n, 370 zk. (11/2000), 24. orr.

[2] Grezieraz makarios/i, gizakien zori eta zoriontasun egoera bat deskribatzeko eta jainkoek gizakiengan duten pribilegiozko egoera adierazteko hainbeste erabiltzen dena.

[3] Hebreeraz hesed, hau da, maitasun desinteresatua eta abegikorra, barkatzeko prest

[4] C. Lubich, Bizi-Hitza, azaroa 2000, 25. orr.

[5] www.focolare.org webgunetik hartutako esperientzia.

 

Normas(500)