2017ko martxoa

 
«Egitzazue bakeak Jainkoarekin!» (2 Ko 5, 20)

Lurreko eskualde askotan daude odolez beteriko gerrak, bukaezinak dirudite eta erasoan hartzen dituzte familia, leinu eta herriak. Gloria 20 urteko neskak honela dio: «Jakin genuen herri bat erre zutela eta jende asko ezer gabe gelditu zela. Berehala lagun batzuekin gauza batzuk biltzea eratu nuen: koltxoiak, arropa, janariak; abiatu ginen bertara eta, zortzi orduko bidea egin ondoren, jendea lur jota aurkitu genuen. Entzun genien kontatzen zutena, xukatu genizkien malkoak, besarkatu genituen, kontsolatu… Familia batek konfiantzan esan zigun: “Erre ziguten etxean zegoen gure neskatoa, eta berarekin hilda gelditu ginela uste genuen. Orain zuen maitasunean aurkitu dugu indarra, hori guztia egin zuten gizonei barkatzeko”».

Paulo apostoluak ere bizitu zuen bere esperientzia: hain zuzen berak, kristauen erasotzaileak (ik. Eg 22, 4 eta hur.), bidean zihoala, erabat ustekabean, maitasun doakoa aurkitu zuen Jainkoagan, zeinek gero bere izenean bakeak egitearen mezulari bidali zuen (ik. 2 Ko 5,20).

Horrela bihurtu zen Paulo Jesus hil eta berpiztuaren lekuko kartsu eta sinesgarria, mundua Berekin baketu duen Jesusen lekuko, denek Harekin eta senideekin bizi-elkartasuna ezagut eta bizi dezaten (ik. Ef 2,13 eta hur.). Eta, Pauloren bitartez, ebanjelioaren mezuak irabazi eta liluratu zituen jentilak ere, salbamenetik urrunduak jotzen zirenak: Egitzazue bakeak Jainkoarekin!

Guk ere, gogogabetzen gaituzten okerrak edo Jainkoaren errukiaren beharrean ez garela konbentzitzen gaituzten ziurtasun faltsuak ditugun arren, utz dezakegu Jainkoaren errukiak –maitasun gehiegizkoak!– gure bihotzak senda ditzan eta, azkenik, altxor hori besteekin partekatzeko libre egin gaitzan. Horrela izango gara lankide Jainkoak gizadi eta kreazio osoaren gain duen bake-proiektuan, historiaren kontraesanak gainditzen dituenean, Chiara Lubich-ek idazki batean iradokitzen duen bezala.

«Jainkoak gurutzean, bere Semearen heriotzan, eman digu bere maitasunaren froga gorena. Kristoren gurutzearen bidez baketu gaitu Berekin. Gure fedearen oinarrizko egia honek gaurkotasun osoa du egun berekin. Bera da gizadi osoak espero duen errebelazioa: bai, Jainkoa hurbil dago bere denekiko maitasunarekin, eta bat-banaka maite gaitu kartsuki. Gure munduak iragarpen hau behar du, baina hori egin ahal izateko berori aurretik geure buruei iragarri behar diegu behin eta berriz, horrela maitasun horrek besarkatuak sentitzeko, baita errealitate osoak alderantzizkoa pentsatzera eramango gintuzkeenean ere […] Gure portaera osoak sinesgarri egin beharko luke iragartzen dugun egia hori. Argi eta garbi esan zuen Jesusek, gure oparia aldarera eraman aurretik bakeak egin behar genituela geure senidearekin, beronek zerbait badu gure kontra (ik. Mt 5,23-24) […] Maita dezagun elkar Hark maitatu gintuen bezala, itxitura eta aurreiritzirik gabe, baizik eta geure lagun hurkoaren balore positiboak onartzera eta estimatzera irekiak, bizia elkarren alde emateko prest. Hau da Jesusen agindu nagusia, kristauen ezaugarria, gaur Kristoren lehen jarraitzaileen garaietan bezalako balioa duena. Agindu hau bizitzeak baketzaile bihurtzen garela esan nahi du»[1].

Horrela bizituz, adiskidetasun- eta baketze-egintzaz aberastuko ditugu geure egunak familian eta beste familien artean, geure Elizan eta beste Elizen artean, bizi garen edozein komunitate zibil nahiz erlijiosoan.

Letizia Magri


[1] C. Lubich, 1997ko urtarrileko Bizi-hitza in: Ciudad Nueva 1997/1, 33. or.

Normas(500)