2017ko maiatza

 
«Ni zuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte» (Mt 28, 20)

Bere Ebanjelioaren azken-aldera, Mateok Jesusen mundu honetako bizitzako gertakariak kontatzen ditu. Jesus berpiztu da eta burutu du bere misioa: Jainkoak sorkari bakoitzaren alde duen maitasun birsortzailea iragartzea eta gizakien historian senidetasunari bidea berriro zabaltzea. Mateorentzat Jesus Jainkoa gurekin da, profetek iragarritako eta Israel herriak espero izandako Enmanuel.

Aitarengana itzultzean, biltzen ditu bere misioa gertuagotik partekatu duten ikasleak, eta berak egina denboran luzatzen jarraitzea uzten du haien gomendio.

Eginkizun zaila! Baina Jesusek lasaitu egiten ditu: ez ditu bakarrik uzten; are gehiago hitzematen die beraiekin egongo dela egunero beraiei sostengua, konpainia eta animoa emateko  munduaren azkena arte.

Haren laguntzarekin testigatu egingo dute Harekin izaniko elkarbizitza, Haren Hitzak eta onarpen- eta gupida-keinuak denekiko, horrela beste pertsona askok ere Hura ezagut dezaten eta elkarrekin Jainkoaren herri berri bat sortu, maitasunaren aginduan oinarritua.

Esan genezake horretan dagoela Jainkoaren poza, hain zuzen nirekin, zurekin, gurekin egoten egunez egun, gu geu bakoitzaren eta gizadiaren historiaren azkena arte.

Baina hori horrela al da? Ezagut daiteke Hura benetan?

«Hura kale ertzean dago, nire ondoan, zure ondoan. Ezkutatua dago pobreagan, mesprezatuagan, xume eta gaixoagan, kontseilu eskatzen duenarengan, askatasunik gabearengan. Itsusiagan dago, baztertuagan… Horrela esan zuen: “Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten…” (Ik. Mt 25, 35). Ikas dezagun Hura dagoen lekuan aurkitzen»[1].

Presente dago gure existentzia berritzen duen bere Hitzean, berau praktikan jartzen badugu; munduko gune guztietan dago Eukaristian, eta lanean ari da herriaren zerbitzari diren bere ministroengan ere. Presente dago bihotz-batasuna gure artean sortzen dugunean (ik. Mt 18, 20); orduan Aitari egiten diogun otoitza eraginkorragoa da eta argia aurkitzen dugu geure eguneroko erabakietarako.

«Eta ni zuekin izango nauzue egunero munduaren azkena arte»: zenbat itxaropen ematen duen agintzari honek, eta nola adoretzen gaituen bidean Hura bilatzera. Zabal ditzagun bihotza eta eskuak harrera eta elkartasuna emateko, pertsonalki eta elkartean: familietan eta elizetan, lantokietan eta ospakizunetan, elkarte zibiletan eta erlijiosoetan. Jesus aurkituko dugu, eta Hark ezustea emango digu bere presentziaren seinale diren poz eta argiarekin.

Egunero honako pentsamendurekin jaikitzen bagara: «Gaur, Jainkoak non aurkitu nahi nauen jakitera etorri nahi dut»; orduan guk ere egin ahalko dugu honako hau bezalako esperientzia bat:

«Nire senarraren ama oso seme-zuloa zen, eta nirekin jeloskor jartzeraino etortzen zen. Orain urte bete tumore bat diagnostikatu zioten: tratamendua eta laguntza behar zuen, eta bere alaba bakarra ez zegoen horiek emateko moduan. Aldi hartan Mariapoli[2] batean parte hartua nintzen, eta Jainko-maitasunarekin aurkitzeak bizitza aldatua zidan. Bihotz-berritze horren lehen ondorioa nire amaginarreba etxean hartzea izan zen, beldur oro gaindituz. Elkarretaratze hartan bihotzean piztu zitzaidan suak begi berriez ikusarazten zidan hura. Orain banekien harengan Jesus bera ari nintzela zaintzen eta sorosten. Nik uste ez bezala, berak maitasun berarekin erantzuten zien nire egite txeratsu guztiei. Hilabetetako sakrifizioa izan zen eta, nire amaginarreba zerura bare-bare joan zenean, bakea utzi zuen gu guztion artean. Egun horietan konturatu nintzen haurdun nengoela, jada bederatzi urte desiratzen genuen haurrez. Seme hau guretzat Jainkoaren maitasunaren seinale ukigarria da»[3].

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Palabra de vida, junio 1982: Ciudad Nueva 1982/6, p. 26.

[2] Fokolareek egin ohi duten udako topaketa.

[3] D. Zamboni (ed.), Milagros cotidianos. Las “florecillas” de Chiara y de los Focolares, Ciudad Nueva, Madrid 2003, p. 57.

 

 


Normas(500)