2018 Martxoa

 
«Azaldu niri, Jauna, zeure bideak, erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun» (Sal 25, 4).
1

David errege eta profeta, salmo honen egilea, larriak eta premiak estututa dago, eta arriskuan sentitzen da bere etsaien aurrean. Irtenbidea aurkitu nahi luke egoera mingarri horrentzat, baina ezina sentitzen du.

Une horretan, altxatzen ditu begiak Israelgo Jainkoarengana, betitik bere herria babestu duenarengana, eta dei egiten dio uste onez, berari laguntzera etor dadin.

Hil honetako Bizi-hitzak, hark Jaunaren bideak eta bidexkak ezagutzeko egindako eskea azpimarratzen du, berori guretzat argi izan dadin geure erabakiak hartzean, batez ere une zailetan.

«Azaldu niri, Jauna, zeure bideak, erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun».

Guri ere gertatzen zaigu, geure kontzientziari eta pertsona osoari dagozkion erabakiak hartu behar izatea; batzuetan hainbat bide ditugu geure aurrean eta ez dakigu zein den hoberena; beste batzuetan iruditzen zaigu ez daukagula bat bakarrik ere.

Gizakiak bere-berea du aurrera egiteko bidearen bila ibiltzea, eta batzuetan laguntza eskatu behar diogu ustez adiskide dugunari.

Kristau fedeak, Jainkoarekin adiskidantzan sartzera garamatza: Bera Aita da, barru barrutik ezagutzen gaitu eta plazer du guri bidean laguntzen.

Egunero gonbidatzen gaitu abentura bati libreki ekitera, Berarekiko eta bere seme-alaba guztiekiko maitasun doakoa iparrorratz gisa harturik.

Bide eta bidexkak abagune ere badira beste bidelagunak ezagutzeko, haiekin partekatzeko moduko helmuga berriak bistaratzeko. Kristau bat ez da inoiz pertsona isolatua. Aitzitik, Aita Jainkoak gizadiarentzat duen asmorantz bidean doan herri baten parte da, Jesusek bere hitzez eta bizitza osoaz agertu zigunerantz: senidetasun unibertsala, batasunaren zibilizazioa.

«Azaldu niri, Jauna, zeure bideak, erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun».

Eta Jaunaren bideak ausarditsuak dira, eta batzuetan badirudi gure ahalmenen mugataraino garamatzatela, harkaitz-hormen artean zintzilikatzen den zubi bagina bezala.

Bide hauek erronka jotzen diete gure egoismo, aurreiritzi eta sasi-apaltasunei, eta ostertzak irekitzen dizkiete elkarrizketari, elkartze eta denen onerako konpromisoari. Batez ere eskatzen digute maitasun beti berria, Jainkoak gurekiko duen maitasun eta leialtasunaren harkaitzean errotua, eta barkameneraino iristeko gai dena. Hori baldintza bazterrezina da, justizia- eta bake-harremanak jartzeko pertsona eta herrien artean. Maitasun xume baina egiazko baten testigantzak ere argi dezake bidea besteen bihotzean. Nigerian, gazte eta helduek ebanjelio-maitasunezko esperientziak elkarrekin jar zitzaketen topaketa batean, Maya neskatxoak hau kontatu zuen: «Atzo jolasean genbiltzala, mutil batek bultza eta lurrera joan nintzen. “Barkamena” eskatu zidan eta nik barkatu egin nion».

Hitz horiek bihotza ireki zioten Boko Haram-goek aita hil zioten gizon bati: «Begiratu nion Mayari. Berak, ume bat izanik, barkamena eman badezake, horrek esan nahi du nik ere egin dezakedala hori bera».

«Azaldu niri, Jauna, zeure bideak, erakutsi ni nondik ibiltzea nahi duzun».

Gure bidean konfiantzazko gidari baten esku jarri nahi badugu, gogora dezagun Jesusek bere buruaz esana: «Ni naiz bidea …» (Jn 14, 6). Chiara Lubich-ek hitz hauen bidez animatu zituen gazteak 1989an Compostelako Santiagon egindako Mundu mailako Jardunaldietan:

«[…] “Bere burua “Bidetzat” definitzean esan nahi izan zuen, Berak bide egin bezala egin behar dugula guk ere […]. Esan daiteke Jesusek egindako bideak izen bat daukala: maitasuna […]. Jesusek bizitu eta burutu zuen maitasuna berezia eta bakarra da. […] Jainkoagan su egiten duen maitasun bera da. […] Baina nor maitatu? Ziurki, Jainkoa maitatzea da gure lehen eginbeharra. Eta gero: lagun hurko bakoitza maitatzea. […]

»Goizetik gaueraino, besteekiko harreman bakoitza maitasun horrekin bizitu behar da. Etxean, unibertsitatean, lanean, kirol-zelaietan, oporretan, Elizan edo kalean zehar, aukera bakoitza aprobetxatu behar dugu besteak geure burua bezala maitatzeko, Jesus haiengan ikusiz, inor baztertu gabe; gehiago oraindik, lehenak izanez guztiak maitatzen. […] Ahal den sakonkien sartu bestearen gogoan; benetan konprenitu haren arazoak, exijentziak, estropezuak, baita pozak ere, horrela haiekin dena partekatzeko. […]  Nolabait bestea dena bihurtu. Jesusek bezala: Jainko izanik, maitasunagatik gu bezalako gizon egin zen. Era horretan lagun hurkoa ulertua eta kontsolatua sentitzen da, badagoelako norbait bere zamak eta penak berarekin eramaten, eta bere poz txikiak partekatzen.

»“Bestea bizitu”, “besteak bizitu”: hau ideal handia da, guztien gainetikoa […]».

LETIZIA MAGRI

Normas(500)

 

Eealimentación

  1. M@ Remedios Rguez Rguez

    ” SIN PALABRAS “….TODO ES BIENVENIDO , YA QUE ES UNA PARTE ,IMPORTANTE…EN MI SUSTENTO….”1”

    Responder