2014ko abuztua

 
"Barka lagun hurkoari egin dizun iraina eta, zuk erregutzean, barkatuko zaizkizu zure bekatuak" (Si 28, 2)

Itun Zaharreko liburu batetik jasoa dugu Bizi-Hitza hau; Jesusen aurretiko 180 eta 170 urteen bitartean, Ben Sira izeneko jakintsu eta Jerusalemen irakasle zenak idatzia. Antzinatik Biblian Jainkoa errukitsua da bekatarienganako, eta gure jarduerak Harenaren antzekoa izan behar du. Gure erru guztiak barkatzen ditu Jaunak, “bihotz bera eta errukitsua baita, haserre-gaitza eta onginahiez betea”[1]. “Zuen bekatuei ezikusi egiten die”[2], “bizkarra ematen baitie bekatu guztiei”[3]. Eta honela jarraitzen du Ben Sira-k: gizaki huts eta zirtzil garela jakinik, Jaunak “ugaritu egiten du barkamena”. Edonor aita edo amaren antzera, Jaunak barkatu egiten du, maite baititu seme-alabak, eta ez die errurik leporatzen, estali egiten dizkie okerrak, arnasa eman eta etengabe suztatu.

Aita eta ama den legez, Jainkoak ez du aski bere seme-alabak maitatu eta aske uztea. Hau da bere irrika bizia: elkarrekin senide-jarduera izan dezatela, bat etorri daitezela, elkar maite-maite izateari eutsi diezaiotela. Den-denak senide izan daitezela, hona gizadiarenganako Jainkoaren egitasmo handia. Batzuen eta besteen hutsegitez eta elkar ezin onartuz, agerian dauden tirabira, gorroto eta hausturak baino indartsuagoa den guztien arteko anaitasuna.

Sarri gertatzen da, sendien artean etena sortzea, barkatzen ez dakitelako, hain zuzen. Herrien, elkarteen, sendikoen artean hausturak ditugu, aurreko zatiketak direla medio. Gertatu eta gerta ohi da, badirela jasandako irainak ez direla ahaztekoak, diotenak, eta mendekuaren sua pizten dutenak. Eta barrengo gorrotoaren pozoiak gogoa gaiztotu eta bihotza zakartu egiten du.

Barkatzea ahul izatea dela, uste du zenbaitek. Inondik ere ez. Barru-barruko kemenaren ezaugarria da, jator-jatorrarena, hain zuzen, berekoikeriaren usainik gabea. “Izan ere, maite zaituztenak maite izanik, zer sari zor zaizue”, dio Jesusek. “Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Zuek maita itzazue zuen etsaiak”.

Jesusengandik ikasiz, gurasoen legezko maitasuna, maitasun errukitsua izan dezagula, eskatzen zaigu, egunaren joan-etorrian, topatzen ditugunentzako, huts egiten dutenenganako, batik bat, maitasun errukitsua. Eta are gehiago: elkartasun-espiritua, hots, kristau-espiritua bizi nahi dugunoi Ebanjelioak aruntzago garamatza: “barka batak besteari”. Batak besteari barkatzeak, gure artean, halako itun bateren antzeko zerbait moldatzea, eskatzen digu, batak besteari barkatzeko, beti gertu egotea. Era horretan, eta ez bestela, sortuko dugu denon arteko anaitasuna.

“Barka lagun hurkoari egin dizun iraina eta, zuk erregutzean, barkatuko zaizkizu zure bekatuak”

Soil-soilik barkatzera dei egiten digun mintzoa ez dugu esaldi hori. Gu barkatuak izateko, ezinbesteko baldintza dela, adierazten digu. Guk barkatzen dugun neurrian, digu entzuten eta barkatzen Jainkoak. Jesusek berak eragiten digu: “zuek erabiltzen duzuen neurriz izango zarete neurtuak”. “Zorionekoak errukitsuak, hauek iritsiko dute eta errukia”. Izan ere, gorrotoak bihotza gogortu baldin badu, ez da gauza Jaunaren maitasun errukitsua onartu eta bereganatzeko.

Nola mamitu Bizi-Hitz hau? Berehala barkatuz, norbaitekin oraindik adiskidetu gabe bizi bazara. Hori, ordea, ez da nahikoa. Gure bihotzeko txoko ezkutuenak ere miatu egin behar ditugu, eta handik hurkoenganako susmo txarrak, axolagabekeriak, jauntxokeriak, … uxatu.

Are gehiago, aldez aurreko neurriak hartu behar ditugu: goizero begi berriez begiratu behar diet etxean, lantegian, dendan, … topatuko ditudan gizakiei, hauen jardueran atsegin ez zaidan edozer aintzakotzat hartu gabe, epaitzera, uste ona kentzera jo gabe, gure bihotza zabaldu eta bestea onartzeko gertu. Bihotzen barkamen. osoa eramanez, agertuko natzaio bakoitzari. Ez ditut gogoan izango haren hutsegiteak: maitasunez estaliko dizkiot. Eta egunaren joan-etorrian izan nezakeen hutsune eta eramanezinengatik barkamena eskatzen edo adiskidetasuna erakusten saiatuko naiz. Berak zapuztuta dagoela adieraziko balit, nik onarpen osoa, muga gabeko errukia, barkamen betea, ulermen sakona eta laguntza adeitsua erakutsiz, erantzungo nioke.

Era honetan, Aitari otoitza zuzentzean, nire hutsegiteen barkamena eskatzean, batik bat, nire eskaria jasoa izan dela sumatuko dut, eta uste osoz esan dezaket: “Barka gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero”.

Chiara Lubich

Iruzkin hau 2002ko irailean argitaratu zen lehen aldiz. Fokolareen Mugimenduaren argitalpena.

Normas(500)