2014ko iraila

 
«Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako» (Erm 15, 7).

«Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako» (Erm 15, 7).

Hitz hauek, San Paulok Erromako kristauei idatziriko epistolako azken aholkuetariko bat biltzen dute. Kristau elkarte hori, erromatar inperioan zabalduriko beste hainbat bezala, alde batetik jentiletatik eta bestetik juduetatik zetozen sinesmendunek osatzen zuten; beraz pentsaera, kultur heziera eta espiritu-sentiberatasun ezberdinekoek. Aniztasun horrek bidea ematen zien elkarrekiko juzgu, susmo txar, bereizkeria eta intolerantziei, eta horiek benetan ez zetozen bat Jainkoak beraiengandik nahi zuen elkarrekiko harrera onarekin.

Zailtasun horiek gainditzen laguntzeko, Apostoluak ez du haiei beren konbertsioko grazia oroitaraztea baino medio eraginkorragorik aurkitzen. Jesusek bere Espirituaren dohaina emanez haiek federa deitu izanak adierazten zuen ondoen Jesusek haietako bakoitzari eskainitako maitasuna. Haien lehenagoko gauzak eta jatorri-ezberdintasuna gora behera, Jesusek onartu egin zituen gorputz bat bakarra osatzeko.

«Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako».

Jesusen maitasunaren alderik hunkigarrienetako bat ekartzen digute gogora San Pauloren hitz hauek: nolako maitasunez onartu zituen Jesusek den-denak munduan bizitu zenean, batez ere baztertuenak, behartsuenak, urrutiratuenak. Maitasun honen bidez eskaini zien Jesusek denei bere konfiantza, etxekotasuna, adiskidetasuna; eta bat banaka eraitsi, giza urguilu eta egoismoak garai hartako gizartean jasotako hesiak. Jesusengan agertu zen osorik zeruko Aitaren gu bakoitzarekiko maitasun abegikorra, eta ondorioz guk elkarrentzat eduki behar genukeena. Hori da Aitaren lehen nahia gurekiko; horregatik, ezingo genioke aintza handiagorik Aitari eman, Jesusek gu onartu gintuen bezala guk elkar onartzen saiatzean baino.

«Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako».

Nola biziko dugu, bada, hil honetako Bizi-hitza? Hitz honek, gugan maizen ematen den egoismoaren aspektuetako batean, eta esan dezagun gainditzen zailenetakoa denean, biltzen du gure atentzioa: hain gurea dugun joera geure burua isolatzeko, bereizkeriak egiteko, bestea, ezberdina zaigulako eta geure lasaitasuna hautsi dezakeelako, baztertzeko eta kanpoan uzteko.

Horretarako, Bizi-hitz hori bizitzen ahaleginduko gara geure familietan, elkarteetan, komunitate eta lan-taldeetan, geugandik kanpora boteaz juzguak, bereizkeriak, aurre-susmoak, erresuminak, honekiko edo bestearekiko intolerantzia, hain erraz eta maiz guregan ematen direnak eta giza harremanak hainbeste hozten eta nahasten dituztenak, eta elkarrekiko maitasuna eragozten, berori herdoilak ohi bezala blokeatuz.

Eta gero, orokorrean, gizarteko bizitzan Jesusen maitasun-testigantza abegikorra ematen saiatuz, Jaunak ondoan jartzen digun edozein lagun hurkori, batez ere gizartearen egoismoak errazago baztertzen edo kanpoan uzten dituen haiei.

Besteari, ezberdina zaigunari, abegi egitea da kristau maitasunaren oinarria. Hori da abiapuntua eta lehen maila, maitasunaren zibilizazio hori, Jesusek bereziki gaur eskatzen digun elkartasun-kultura hori, eraikitzen joateko.

CHIARA LUBICH

Ciudad Nueva aldizkarian argitaratua: 283 zkia. (1992 /12), 33. or.

Normas(500)