2015eko urtarrila

 
«Jesusek esaten dio: “Emadazu edaten”» (Jn 4, 7).

Jesusek uzten du Judea aldea eta Galilearantz abiatzen da. Bidean Samaria zeharkatu behar du. Eguerdi inguruan eguzki galdatan, bideaz nekaturik, putzu-ertzean esertzen da, Jakob aitalehenak 700 urte lehenago egindakoaren ondoan. Egarri da, baina ez dauka ontzirik ura ateratzeko. Sakona da putzua, 35 metrokoa, oraindik gure egunetan ikus daitekeenez.

Ikasleak hirira joanak dira janaria erostera. Jesus bakarrik gelditu da. Emakume bat dator bere lusuilarekin, eta hark, besterik gabe, ura eskatzen dio. Orduko ohituren kontra doa eske hori: gizonezko bat ez zaio emakume bati aurrez aurre zuzentzen, eta gutxiago ezezaguna bada. Horrez gain, judu eta samariarren artean desadostasunak eta iritzi konponduezinak daude erlijioaz: Jesus judua da, eta emakumea samariarra. Aurrez aurrekoek eta are gorrotoek sustrai sakonak dituzte bi herrien artean historia eta politika dela eta. Beste hesi bat ere, morala bera, badago bien artean: emakume samariarrak hainbat gizon izan ditu eta arauz kanpoko egoeran bizi da. Beharbada horretxegatik, hain zuzen, ez dator beste emakumeekin ura ateratzera goizez edo iluntzez, baizik eta hura bezalako ordu ezohikoan, eguerdian: esamesak saihesteko.

Jesusek ez du uzten inongo hesik baldintza dezan, eta solasean hasten da emakume atzerritarrarekin. Haren bihotzean sartu nahi du eta eske hau egiten dio:

“Emadazu edaten”

Opari bat dauka emakumearentzat, ur biziaren oparia. «Egarri dena betor niregana, eta sinesten duenak edan beza niregan», entzungo diote geroago Jerusalemeko tenpluan aldarrikatzen (Jn 7, 37). Ura ezinbestekoa da bizi mota ororentzat, eta are preziatuagoa gertatzen da Palestina bezalako toki lehorretan. Jesusek ur bizia eman nahi du sinbolo gisa Jainkoa errebelatzeko, Aita eta maitasuna dena, Espiritu Santua, etortzean ekarri zuen bizi jainkotiarra. Jesusek ematen duen guztia bizia da eta bizitzarako: Bera ogi bizia da (ik. Jn 6,51 eta jar.), bizia ematen duen Hitza da (ik. 5,25), Bizia besterik gabe (ik. 11,25-26). Gurutzean soldadu batek saihetsa lantzaz zulatu zionean lekuko izana zen Joanek esaten du gainera «eta bat-batean odola eta ura atera ziren» (19,34): bere buruaren emate oso eta azkenerainokoa da.

Baina Jesusek ez du ezer inposatzen. Haserre ere ez dio egiten emakumeari arauz kanpoko egoeran bizi delako. Berak, dena eman dezakeelarik, eskatu egiten du, zeren eta egiaz premia baitu emakumeak eman diezaion:

“Emadazu edaten”

Nekatua dagoelako, egarriz delako, eskatu egiten du. Biziaren Jaun izanik, eskale egiten da, bere gizon izate benetakoa ezkutatu gabe.

Eskatu egiten du, gainera, badakielako emakumeak ematen badu, errazago irekiko eta prestatuko dela onarpena ematera ere bere aldetik.

Eske horrek leku ematen dio solasaldiari argudio eta gaizki ulertze eta pentsamendu sakonen bidez, guztiaren buruan Jesusek bera nor den adieraz dezan. Elkarrizketak eraitsi egin ditu defentsarako barrerak eta agerian jarri egia, ekartzera etorri den ura. Emakumeak, une horretan duen gauzarik preziatuena, lusuila, utzi egiten du, beste aberastasun bat aurkitu duelako, eta lasterka egiten du hirira, bera ere auzokoekin elkarrizketan jartzeko. Berak ere ez du ezer inposatzen; kontatu egiten du gertatutakoa, komunikatu bere esperientzia, eta galdera planteatu ezagutu duen eta eskea egin dion pertsonaz.

“Emadazu edaten”

Ebanjelioaren pasarte honetan, uste dut irakaspen bat dagoela elkarrizketa ekumenikorako, beronen premia urtero hil honetan gogorarazten zaigularik. «Kristauen batasunerako otoitz Asteak», urte gehiegitan irauten duen Elizen arteko haustura eskandaluzkoaren kontzientzia hartzera garamatza; eta gonbidatzen gaitu edozein barrera zeharkatzeko moduko elkartasun sakonera etortzeko aldiak bizkortzera, hala nola Jesusek gainditu zituen judu eta samariarren arteko hausturak.

Kristauen artekoa, elkartasun falta bat da soilik esparru mota orotan zauritzen gaituztenen artean; elkartasun falta horiek ulertze faltetatik sortzen dira, familiakoen edo auzokideen arteko aurrez aurrekoetatik, bulegoko tirabiretatik, etorkinekiko ezinikusitik. Sarritan banantzen gaituzten hesiak izan daitezke mota sozial, politiko, erlijiosokoak, edo onartzen ez dakizkigun kultur ohitura ezberdinen ondorio besterik gabe. Barrera horiek eragiten dituzte gatazkak herri eta arrazen artean, baina baita etsaigoak ere auzoan. Ezingo al ginateke, Jesus bezala, bestearengana ireki ezberdintasun eta aurreiritzien gainetik? Zergatik ez aditu, formulazioari begiratu gabe, ulermen-, laguntza-, edo atentzio-eskaera bat? Kontrako taldekoaren edo jatorri kultural, erlijioso edo sozial ezberdinekoaren barruan ere guregana zuzentzen den Jesus bat dago guri eskatuz:

“Emadazu edaten”

Jesusen beste antzeko hitz batzuk datozkit gogora, gurutzean esan zituenak eta Joanen Ebanjelioak biltzen dituenak: «Egarri naiz» (19, 28). Hori da funtsezko premia, beste edozein premia adierazten duena. Edozein pertsona behartsu, langabezian, bakarti, atzerritarretan, nahiz eta beste sinesmen edo erlijiokoa izan, are erasokor denean ere, ikus dezakegu Jesus guri esaten «Egarri naiz» eta guri eskatzen «Emadazu edaten». Nahikoa da baso bat ur eskaintzea, esaten du Ebanjelioak, saria lortzeko (ik. Mt 10,42), senidetasuna berreraikitzen duen elkarrizketan hasteko.

Guk ere, geure aldetik, adieraz ditzakegu geure premiak «egarri izateaz» lotsatu gabe, eta geure aldetik eskatu «Emadazu edaten». Horrela hasi ahalko da elkarrizketa egiati eta elkartasun konkretu bat, beldurrik izan gabe aniztasunari, pentsatzen duguna partekatzen ausartzeari, ez eta besteak pentsatzen duena onartzeari ere. Aprobetxatu ahalko dugu, batez ere, aurrean dugunaren potentziala, dituen baloreak, ezkutuan daudenean ere; Jesusek egin zuen bezala, zeinek Berak ezin zuen zerbait jakin baitzuen emakumearengan aitortzen: ura ateratzea.

FABIO CIARDI

 

 

Normas(500)