2015eko urria

 
«Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean». (Jn 13, 35)

Hau da kristauen ezaugarri bereizia, haiek ezagutzeko seinalea. Edo horrela behar luke behitzat izan, horrela ulertu baitzuen Jesusek bere elkartea.

Lehen mendeetako kristauei buruzko idazki liluragarri batek, Diognetori gutuna deituak, honela dio: «Kristauak beste gizakiengandik ez dira bereizten nazioagatik, hizkuntzagatik, janzkiagatik. Ez dira inon beren hiri propioetan bizi, ez dute hizkuntza ezberdinik erabiltzen, ez bizimodu berezirik egiten»[1]. Pertsona normalak dira, besteak bezalakoak. Eta hala ere badute beren sekretua, eta horrek sakonki eragin ahal izatea ematen die gizartean eta haren arima bezala izatea[2].

Jesusek hil baino lehentxeago bere ikasleei emandako sekretua da. Israelgo aspaldiko jakintsuek bezala, aita batek bere semeari bezala, berak ere, jakinduriaren Maisu denak, bizitzen jakitearen eta ondo bizitzearen artea, bere Aitagandik zuzenean ikasia, utzi zuen ondaretzan: «Neure Aitak jakinarazitako guztia adierazi baitizuet» (Jn 15, 15), eta hori Harekiko harremanaren esperientziaren fruitua zuen. Elkar maitatzean datza. Hori da bere azken borondatea, bere testamentua, bere zeruko bizitza lurrera ekarria eta gurekin partekatua, gure bizi bera bihur dadin.

Eta hori nahi du bere ikasleen identitatetzat: elkar maitasunagatik ezagutuak izatea.

«Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean»

Jesusen ikasleak beren elkar maitasunagatik dira ezagutuak? «Elizaren historia santutasunaren historia da», idatzi zuen Joan Paulo II.ak. Hala ere, «badaude kristautasunarekiko antilekukotasun diren hainbat gertaera ere»[3]. Mendeetan zehar kristauak borroka etengabean jardun dira elkarrekin Jesusen izenean, eta banatuta daude beren artean. Badaude pertsonak, kristauak Gurutzadekin eta Inkisizioko auzitegiekin lotuta dauzkatenak, edo moral zaharkituaren defendatzailetzat nahiz zientziaren aurrerapenari kontrajarritzat ikusten dituztenak.

Ez zen horrela gertatzen Jerusalemeko elkarte sortu-berriko lehen kristauekin. Jendeak miretsi egiten zituen bizi zuten ondasun-elkartasunagatik, haien artean nagusi zen batasunagatik, nabarmentzen zituen «poz eta bihotz xalotasunagatik» (Eg 2, 46). «Herriak asko goraipatzen zituen», jarraitzen dugu irakurtzen Apostoluen Eginetan, ondorioz «gero eta ugariagoa zelarik fedearen bidez Jaunari elkartzen zitzaizkionen taldea, gizon eta emakume» (Eg 5, 13-14). Komunitateak bizitzaren bidez egindako lekukotasunak gaitasun handia zuen erakarpenerako. Zergatik ez gaituzte gaur elkarrekiko maitasunagatik nabarmentzen diren haiek bezala ezagutzen? Zer egin dugu Jesusen aginduarekin?

«Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean»

Usadioaren arabera, ingurune katolikoan urriko hila «misioari» eskaintzen zaio, eta Jesusek mundu guztira Ebanjelioa aldarrikatzera joateko eman-aginduaz gogoeta egiteari, otoitzari eta lehen lerroan dabiltzan guztiei sostengu emateari. Bizi-hitz honek lagun diezaieke denei, kristau-aldarrikapen ororen funtsezko dimentsioa argitzen. Gauza ez da kredo bat inposatzea, proselitismoa egitea edo modu interesatuan pobreei laguntzea, konberti daitezen. Ez zaio ere lehen tokia eman behar balio moralen defentsa zorrotzari, ez eta zuzengabekeria eta gerren kontra jarrera bat hartzeari ere, nahiz eta horiek kristau batentzat ezin saihestuzko jarrerak diren.

Kristau iragarpena, guztiz gain, bizitzazko lekukotasuna da, Jesusen ikasleak bere buruaz eskaini behar duena: «Egungo gizakiak nahiago die lekukotasuna ematen dutenei entzun, irakasten dutenei baino»[4]. Are Elizarekiko etsai direnek ere hunkituak sentitu oi dira beren bizitza gaixoei ematen dietenen etsenpluagatik, edo sorterria uzteko prest direnengatik, muturreko egoeran dauden tokietara azkenekoei laguntza eta hurbiltasuna ematera joateko.

Baina Jesusek, batez ere, Ebanjelioaren egia erakusten duen komunitate oso baten lekukotza eskatzen du. Komunitateak erakutsi behar du, Hark dakarren bizitzak sor dezakeela gizarte berri bat, non bizi daitezkeen benetako senidetasunezko harremanak, laguntza eta zerbitzuzkoak, pertsona ahul eta premiadunei sorospen bateratua ematekoak.

Elizak eman ditu horrelako lekukotasunak, hala nola frantziskotarrek eta jesuitek Hego-Amerikan indigenentzat sortu zituztenak, edo monasterioek, inguruan sortuz zihoazen herriekin. Gaur ere komunitate eta eliz mugimenduek sorrarazten dituzte lekukotzarako hirixkak, non ikus daitezkeen ebanjeliozko bizitzaren eta elkar maitasunaren fruitu den gizarte berri bateko zeinuak.

«Honetan ezagutuko dute guztiek zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean»

Bizi garen lekuetatik eta inguratzen gaituzten pertsonetatik urrundu gabe, Jesusek bizia emanez aldeztu zuen batasun hori gure artean bizi badugu, sorrarazi ahalko dugu bestelako bizimodu bat eta geure inguruan erein itxaropen eta bizi berriko ernamuinak. Elkar maitasunean modu zehatzean bizitzeko borondatea egunean egun berritzen duen familia bat bihur daiteke argi izpi bat bere auzoko ezaxolaren erdian. «Leku bateko zelula» batek, hau da, bi edo hiru pertsonatako talde batek, Ebanjelioaren betebeharrak erradikalki betetzeko elkartzen denak (bere lanaren ingurunean, ikasgelan, sindikatu etxean, administrazioan, espetxean …), desegin ahalko du boterea lortu beharraren logika, sortu elkar laguntzeko giroa, eta sorrarazi espero ez zen senide-taldea.

Ez al zuten horrela jokatzen erromatar Inperioaren garaiko lehen kristauek? Ez al zuten horrela barreiatu kristautasun aldatzailearen berritasuna? Gu gara gaur «lehen kristauak», eta deituak gaude haiek bezala elkarri barkatzera, geure buruak beti berri ikustera, elkar laguntzera; hitz batean, Jesusek maitatu zuen indar berarekin elkar maitatzera, segurutzat joz Haren presentziak gure artean baduela indarra besteak ere maitasunaren logika honetara erakartzeko.

Fabio Ciardi


[1] Carta a Diogneto, V, 1-2: en Padres apostólicos (“Biblioteca de Patrística” n. 50), Ciudad Nueva, Madrid 2000, 20143, p. 560.

[2] Ibid., VI, 1: en o. cit., p. 561.

[3] Juan Pablo II, bula Incarnationis mysterium, 11.

[4] Pablo VI, exhortación apostólica Evangelii nuntiandi, 41.

Normas(500)