2016ko maiatza

 
«Haiekin biziko da; haiek izango ditu bere herri, eta Jainkoa bera izango dute berekin» (Ap 21, 3).

Hori nahi izan du beti Jainkoak: gurekin, bere herriarekin, bizi. Jada Bibliako lehen pasarteetan agertzen zaigu bera zerutik jaisten, baratzean paseatzen eta Adan eta Evarekin solasean. Ez al gintuen horretarako sortu? Zer nahi du maite duenak, pertsona maitatuarekin egon besterik? Apokalipsi liburuak, Jainkoak historiaz duen egitasmoa aztertzen duenak, ziurtatzen digu Jainkoaren desira oso-osorik beteko dela.

Bera hasi zen, jada, gure artean bizitzen, Jesus (Emmanuel, «Jainkoa gurekin») etorri zenean. Eta orain Jesus pizturik bizi denean, bere presentzia ez dago lotua leku edo denborari: mundu osora zabaldu da. Jesusekin hasi zen sortzen giza komunitate berri guztiz originala, herri askok osaturiko herria. Jainkoak ez du nire ariman, nire familian eta nire herrian soilik bizi nahi, baizik eta herri bakarra osatzera deituriko herri guztietan. Beste aldetik, egungo giza mobilitatea dela medio, aldatzen ari da herriaren kontzeptua bera. Nazio askotan herri askok osatzen dute herria.

Ezberdinak gara azal-kolorez, kulturaz eta erlijioz. Sarritan deskonfiantzaz, errezeloz edo beldurrez begiratzen diogu elkarri. Gerra egiten dugu elkarren aurka. Baina Jainkoa denon Aita da, guztiok eta gutako bakoitza maite du. Ez du nahi herri batean bizi –«noski, gurean», pentsatuko genuke guk– eta zurtz utzi besteak. Beretzat bere seme-alaba gara denok, bere familia bakarra.

Horrela, bada, hil honetako Bizi-hitzak gidaturik, treba gaitezen aniztasuna estimatzen, besteari begirune izaten, neure parte den pertsona bezala ikusten: ni hura naiz eta hura ni; hura nigan bizi da eta ni harengan. Egunero nirekin bizi direnetatik hasiz. Era honetan, egin diezaiokegu tokia guregan Jainkoaren presentziari. Eta Berak osatuko du berriro batasuna, babestuko du herri bakoitzaren nortasuna, sortuko «sozialtasun» berria.

Intuizio hori izan zuen Chiara Lubich-ek, jada 1959an, gaurkotasun handiko eta profezia sinestezinezko pasarte batean: «Gizakiek gauza izango direnean, –ez norbanako gisa, baizik eta herri gisa– […] beren burua atzetik jartzeko, aberriaz duten ideia bigarren mailan jartzeko, […] eta hori egin dezatenean Estatuen arteko elkar maitasunean, Jainkoak eskatu bezala (senideen artean eskatzen duen elkar maitasunaren era berean), egun hori aro berri baten hasiera izango da, zeren eta egun horretan […] presente eta bizidun egingo baita Jesus herrien artean […].

»Herri bakoitzak bere mugak zeharkatu eta urrutiago begiratu behar duen garaiak dira hauek. Etorria da besteen aberria geurea bezala maitatzeko ordua. Gure begiek garbitasun berri bat lortu behar dute. Kristau izateko ez da nahikoa geureaz eranztea. Gaurko garaiek zerbait gehiago eskatzen diote Kristoren jarraitzaileari: kristau izatearen kontzientzia soziala […].

»[…] guk espero dugu, Jaunak izan dezala erruki mundu zatitu eta sakabanatu honetaz, beren oskolean bilduriko herri hauetaz, beren edertasun –bakarra beraientzat– mugatu eta ez-asegarriei begira daudela, hortzez eta haginez beren altxorrak gordetzen –horien barruan beste herriek, gosez hiltzen ari direnek, faltan izan ditzaketen hainbeste ondasun–; eta espero dugu eragin dezala hesien erortzea eta lurraldeen artean maitasuna jariatzea, ondasun espiritual eta materialen ur korronte bizi gisa.

»Gaitezen esperoan, Jaunak munduan ordena berri bat jar dezan: Bera bakarrik denez gai, gizon-emakume guztiak familia batean biltzeko eta herrien artean aniztasuna lantzeko, horrela bakoitza besteen zerbitzuan jartzearen argitan distira dezan bizi-argi bakarrak, lurreko aberria edertzen duenak eta berori betiko Aberriaren atari bihurtzen duenak»[1].

FABIO CIARDI


[1] «María, reina del mundo»: C. Lubich, Pensamientos (1961), en Escritos espirituales/1, Ciudad Nueva, Madrid 1995, pp. 211-213. Cf. también Id., La doctrina espiritual, Madrid 2002, pp. 300-301.

Normas(500)