2016ko azaroa

 
«Dena dezaket indartzen nauen Kristorengan» (Flp 4, 13)

Hainbat alditan pozik eta indarrez beteak sentitzen gara, eta denari erraza eta arina deritzogu. Besteetan, berriz, zailtasunak datozkigu eta egunak garrazten dizkigute. Izan daitezke hutsegite arinak inguruko pertsonak maitatzean, gure bizi-ideala besteekin partekatu ezina… Edo gainera datozkigu gaixotasuna, ekonomia-estutasunak, familia barruko desilusioak, geure baitako kezka eta atsekabeak, lan-postua galtzea, gerra-aldiak… egoera itogarriak denak eta irtenbiderik gabeak, antza. Horrelako gorabeheratan gehien penatzen gaituena zera da: bizitzako probaldi horiei geuk bakarrik, laguntza erabakigarria eman diezagukeen inoren laguntzarik gabe, aurre egin beharra.

Inork gutxik bizitu ditu Paulok adinako intentsitatez pozak eta saminak, arrakastak eta ulertu ezinak. Baina berak jakin zuen bere misioari adorez jarraitzen, desanimoan erori gabe. Heroi handi bat zen? Ez; ahula sentitzen zen, hauskor eta ezgaia, baina bazuen bere sekretua eta hori komunikatzen die Filipoko bere lagunei: «Dena dezaket indartzen nauen Harengan». Jesusen presentzia etengabea zuen aurkitua bere bizitzan. Denek baztertzen dutenean ere, Paulo ez da sekula bakarrik sentitzen: Jesus dago bere ondoan. Eta Hark ematen zion segurtasuna, eta bultzatzen aurrera jotzera, edozein ezbeharri aurre egitera. Jesus zuen bere bizitzan bete-betean sartua eta hura bihurtu zitzaion indar.

Eta Pauloren sekretua gurea ere izan daiteke. Sufrimenduaren erdian ere dena dezaket, baldin eta sufrimendu horrekin identifikatzen eta zamatzen den Jesusen gertutasun misteriotsua ezagutzen eta onartzen badut. Dena dezaket besteekin maitasun-elkartasunean bizi naizenean, zeren eta orduan Bera gure artera baitator hitzeman zuen bezala (ik. Mt 18, 20) eta batasunaren indarrak sostengatua sentitzen naiz. Dena dezaket, Ebanjelioaren hitzak onartu eta praktikan jartzen ditudanean, zeren eta sumarazi egiten baitidate egunez egun egitera deitua nagoen bidea, irakatsi bizitzeko modua, konfiantza eman.

Horrela indarra izango dut aurre egiteko, ez bakarrik neure probaldiei edo nire familiakoenei, baizik baita inguratzen nauen mundukoenei ere. Badirudike hori inozotasuna edo utopia bat dela, gizarte eta herrien arazoak hain handiak izanik! Eta hala ere dena dezakegu Guztiahaldunaren presentziaz; dena hori soilik da Berak, bere maitasun errukitsuan niretzat, eta nire bitartez besteentzat, pentsatu duen on egitea. Eta hori berehala gertatzen ez bada, jarrai dezakegu itxaropenez sinesten, betikotasuna besarkatzen duen eta nolanahi ere beteko den Jainkoaren maitasun-proiektuan.

Nahikoa izango da «biren artean» lan egitea, Chiara Lubich-ek irakasten zuen moduan: «Nik kasu honetan ezin dut ezer egin arriskuan edo gaixo dagoen pertsona maite horren alde, gorabehera korapilatsu hori konpontzeko… Bueno bada, nik une honetan Jainkoak nigandik nahi duena egingo dut: ikasten saiatu, garbiketa ondo egin, haurrak arretaz zaindu… Eta Jainkoak hartuko du ardura mataza hori askatzeko, sufritzen duena kontsolatzeko, ustekabean etorritakoa konpontzeko. Biren artean, elkartasun betean, egiteko lana da, eta gugandik fede handia eskatzen du Jainkoak bere seme-alabei dien maitasunean eta, gure jokaeraren bidez, Jainkoari posibilitatea ematen dio gugan konfiantza edukitzeko. Elkarrekiko konfiantza honek mirariak egiten ditu. Ikusiko da, gu iristen ez garen tokian, Bestea iristen dela egiaz, guk baino guztiz hobeto jokatzen duena»[1].

FABIO CIARDI


[1] Cf. C. Lubich, Si, sí; no, no: Escritos espirituales/2, Ciudad Nueva, Madrid 1999, pp. 194-195 (en catalán, en Escrits espirituals/3, Publicacions de l’Abadia de Montserrat/Ciutat Nova, Barcelona 1986, pp. 95-96).

 

Normas(500)