2017ko urtarrila

 
«Izan ere, Kristoren maitasunak bultzatzen gaitu» (2 Ko 5-14).

«Atzo kanpoan afaltzera joan nintzen nire amarekin eta haren lagun batekin. Garnizio gisa ilarrak eskatu nituen baina jan gabe uztea erabaki nuen, gehiago gustatzen zitzaidan postrea jateko. Baina amak ezetz esan zidan. Amorruz jartzeko egon nintzen, baina gogoratu nuen Jesus justu amaren ondoan zegoela, eta irribarre egiten hasi nintzen». «Gaur nekatuta itzuli naiz etxera eta, telebista ikusten ari nintzela, anaiak urrutiko agintea kendu dit eskuetatik. Amorrua eman dit, baina gero lasaitu egin naiz, eta telebista ikusten utzi diot». «Gaur aitak gauza bat esan didanean, nik gaizki erantzun diot. Begiratu diot eta ikusi dut ez zegoela gustura. Orduan barkamena eskatu diot eta berak eman egin dit».

Bizi-hitzaren ariketak dira horiek, lehen heziketako Erromako ikastetxe batetako haurrek kontatuak. Izan daiteke esperientzia horiek eta une horretan bizi zuten Hitzak elkarrekin zerikusi zuzenik ez izatea, baina horixe da, hain zuzen, Ebanjelioa bizitzearen fruitua: maitatzera bultzatzea. Edozein delarik ere bizitzeko aukeratu dugun Hitza, beti emaitza berberak ditu: aldatu egiten digu bizitza, akuilatu bihotza besteen premiei kasu egitera, eragin anai-arrebak zerbitzatzera. Ezin da bestela izan: Hitza onartu eta bizitzeak Jesus guregan jaiotzea dakar eta Berak bezala jokatzera garamatza. Hori adiarazten du Paulok, Korintoko kristau taldeari idazten dionean.

Jesusekin egina zuen esperientzia sakonak bultzatzen zuen apostolua Ebanjelioa hots egitera eta bere kristau elkarteen batasunaren alde lan egitera. Jesusek maitatua eta salbatua sentitu zen; Hura halako moduan sartu zen bere bizitzan, non ezerk eta inork ezin zuen Harengandik banandu; jada ez zen Paulo bizi zena, Jesus zen beragan bizi zena. Jaunak bera, bizia emateraino maite izan zuela pentsatzeak zoratu egiten zuen, ez zion lasai egoten uzten, bultzatu egiten zuen indar eutsi-ezinez gauza bera maitasun berberaz egitera.

Kristoren maitasunak gu ere bultzatzen al gaitu indar horrekin berarekin?

Haren maitasunaren esperientzia benetan izan badugu, ezinezkoa dugu guk ere ez maitatzea eta ausardiaz sartu gabe gelditzea zatiketa, gatazka edo gorrotoa dagoen lekuan, adostasuna, bakea eta batasuna eraman asmoz. Maitasunak bihotza oztopoaren gainetik bidaltzea ematen digu, pertsonekin harreman zuzenean jartzeko, haiek ulertzeko, beraiekin bizikide izateko eta elkarrekin konponbidea bilatzeko. Hori ez da hartu ala utzikoa. Kosta ala kosta saiatu behar dugu batasuna lortzen, ezein zuhurtzia faltsuk, zailtasunek eta balizko aurrez aurrekoek galgarik jartzen ez digutela.

Hau bereziki presakoa agertzen da ekumenismoaren eremuan. Hitz hau, Eliza eta elkarte ezberdinetako «Kristauen Batasunaren aldeko Otoitz-astea» ospatzen den hilean izan da hautatua, denok Kristoren maitasunak eraginak senti gaitezen elkarrengana joatera, era horretan batasuna berregiteko.

Chiara Lubich-ek honela zioen 1997ko ekainaren 23an Graz hirian (Austria), II. Europar Batzar Ekumenikoaren irekieran: «Benetako kristau berradiskidetzaile izango da, bakarrik, besteak maitatzeko Jainkoaren karitate berbera erabiltzen dakiena, hau da, pertsona bakoitzarengan Kristo ikusarazten digun karitatea, denentzat emana –Jesus gizon-emakume guztientzat hil zen–, beti aurrea hartzen duena, maitatzen lehena dena; beste denak nork bere burua bezala maitatzera daraman karitatea, anai-arrebekin saminetan eta pozetan bat egiten gaituena. Eta Elizek ere horrelako maitasunez maitatu behar lukete».

Bizi dezagun guk ere maitasunaren erradikaltasuna, Erromako ikastetxeko haurren xalotasun eta seriotasun berberaz.

 

FABIO CIARDI


Alemaniako talde ekumeniko batek hautaturiko Hitz hau, Eliza ezberdinetako anai-arreba askorekin batera biziko dugu, Jainkoaren promesa hori bidelagun izan dezagun urte honetan guztian, Erreformaren 500. urtearen oroitzapena dagigunean.

 

 

Normas(500)