2017ko otsaila

 
«Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko» (Ez 36,26)

“Bihotza” hitzak afektuak, sentipenak eta grinak adierazten ditu. Baina Bibliako autorearentzat askoz gehiago ere bada: espirituarekin batera, biziaren eta pertsonaren muina da, erabakien, barne-biziaren eta bizitza espiritualaren kokagunea. Haragizko bihotz bat esaneko zaio Jainkoaren Hitzari, beronek gidatua izaten uzten da eta «bakezko pentsamenduak» adierazten ditu senideekiko. Harrizko bihotza itxia dago bere baitan, ez da gauza adi egoteko eta erruki izateko.

Beharrezko al dugu bihotz berri bat eta espiritu berri bat? Inguruan begiratu besterik ez dago. Indarkeria, ustelkeria eta gerrak sortzen dira harrizko bihotzetatik, Jainkoak sorkarientzat egin-proiekturako itxiak gelditu direnetatik. Geure barrura bertara egiatitasunez begiratzen badugu, ez al gara sentitzen askotan gurari egoistek bultzatuak? Maitasunak, bestearen onak, gidatzen al ditu benetan gure erabakiak?

Gure gizadi dohakabe honi begiratuz, Jainkoa errukitu egiten da. Guk geuk baino hobeto ezagutzen gaitu eta, badaki bihotz berri bat behar dugula. Horrela hitzematen dio Ezekiel profetari, gizabanakoez gain bere herri osoan pentsatuz. Herriek osaturiko familia handi bat berregitea da Jainkoaren ametsa, hasieratik pentsatu zuena bezalakoa: elkar maitasunaren legeak moldatua. Gure historiak hori erakutsi du aldi askotan: alde batetik, ez garela haren proiektua geuk bakarrik betetzeko gauza; eta bestetik, Jainkoa ez dela sekula aspertzen gure alde berriro apustu egiten, eta are  hitzematen du bihotz eta espiritu berria emango digula.

Berak oso-osoan betetzen du bere promesa, bere Semea lurrera bidaltzen duenean eta bere Espiritua Mendekoste egunean ematen digunean. Hortik elkarte bat sortzen da –Jerusalemgo lehen kristauena– eta berori «bihotzez eta gogoz» bat egindako gizadiaren ikono da bihurtzen (Eg 4, 32).

Ni ere, iruzkin hau idaztean, eta zu, berori irakurri edo entzutean, deituak gaude gizadi berri horren parte izatera. Are gehiago, deituak gaude geure inguruan gizadi hori sortzera, geure bizitzan eta lanean presente egitera. Begira zein misio handia ematen zaigun eta zenbat uste on jartzen duen Jainkoak gugan. Askotan ustelkeriak joa iruditzen zaigun gizartearen aurrean deprimituta gelditu ordez, edo gainez egiten diguten gaitzen aurrean etsita eta axolagabean bildurik gelditu ordez, zabal dezagun geure bihotza «Jesusen Bihotzaren neurrira». Zenbat lan daukagun horretan! Baina hori dugu soilik beharrezko. Hori eginik, dena egina dago. Hori da Chiara Lubich-en gonbita, jarraiko hau esaten duenean: «Inguratzen zaigun pertsona bakoitza Jainkoak maite duen bezala maitatzea da egitekoa. Eta denboraren mendean gaudenez, maita dezagun lagun hurkoa banan-banan, gurekin orain bertan izan dugun senidearengatik afektu-izpirik bihotzean gorde gabe»[1].

Uste ona ez dezagun jar horretarako balio ez duten geure indar eta ahalmenetan, baizik eta Jainkoak egiten digun dohainean: «Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko».

Pertsona bakoitza maitatzeko gonbidapenari esaneko mantentzen bazarete, Espirituak gugan dagien ahotsak gidatuak izaten uzten bagara, gizadi berriaren zelula bihurtuko gara, mundu berri baten artisau, herri eta kultura ezberdin askoren erdian.

FABIO CIARDI


[1] C. Lubich, Meditaciones, Ciudad Nueva, Madrid 1964, 20069, p. 19.

 

 

Normas(500)