2017ko ekaina

 
«Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet» (Jn 20, 21)

Jesus gurutziltzatu zuten ondorengo egunetan, bere ikasleak etxean itxi ziren, izututa eta nora ezean. Palestinako bideetan zehar jarraitu ziotenak dira, Hark denei Jainkoa Aita dela eta pertsona bakoitza samurki maite duela aldarrikatzen zuen garaian.

Aitak bidalia izan zen Jesus, ez soilik beronen bizitzaz berrion handi horren testigantza emateko, baizik baita gizadiari bidea zabaltzeko ere Jainkoa aurkitzera; Hirutasun den Jainkoa, bere baitan maitasun-elkarte dena, eta besarkada horretan bere sorkariak bildu nahi dituena.

Bere misioa betetzen zuen bitartean, askok ikusi, entzun eta esperimentatu zituzten bere egite adierazleen ontasun eta efektuak, eta bere harrera, barkamen eta itxaropen hitzenak… Gero etorri zen gaitzetsia eta gurutziltzatua izana.

Testuinguru honetan kontatzen digu Joanen Ebanjelioak nola Jesus, hirugarren egunean berpiztua, agertzen zaien beretarrei eta nola gonbidatzen dituen bere misioarekin jarraitzera.

«Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».

Honela esango balie bezala: «Gogoan duzue nola partekatu dudan neure bizitza zuekin?, nola ase dudan zuen zuzentasun eta bake gosea eta egarria?, nola sendatu ditudan hainbeste baztertu eta arbuiaturen bihotz eta gorputzak?, nola babestu dudan pobreen, emakume alargunen eta arrotzen duintasuna? Jarrai orain zuek: aldarrika denei hartu duzuen Ebanjelioa, iragarri Jainkoak guztiak Berarekin aurkitzea nahi duela eta denok elkarren anai-arreba zaretela».

Pertsona bakoitzak, Jainko-maitasunaren irudira egina izan delarik, bihotzean du dagoeneko elkarrekin aurkitzeko desira; kultura eta gizarte guztiek elkarbizitzako harremanak eraikitzeko joera dute. Baina zenbat ahalegin, zenbat kontraesan, zenbat zailtasun helmuga horretara heltzeko! Barru-barruko joran hau muturka dabil egunero gure ahuleziekin, gure beldur eta itxikeriekin, mesfidantza eta elkarrekiko juzguekin.

Hala ere, Jauna gonbidapen bera ari zaigu zuzentzen konfiantzaz:

«Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».

Nola bizitu hilabete honetan gonbidapen hain ausarditsua? Gizadi hainbatetan zaurituan senidetasuna sortzeko misioa, ez al da hasi baino lehen galdutako borroka?

Geuk bakarrik ezingo genuke hori inoiz lortu, eta horregatik opari oso berezia eman digu: Espiritu Santua, eta horrek mantentzen gaitu pertsona bakoitza, etsaia bada ere, maitatzeko konpromisoan.

«Bataioan eman zaigun Espiritu Santuak […], maitasun- eta batasun-espiritu izanik, sinestedun guztiak bat egiten zituen Berpiztuarekin eta beren artean, arraza, kultura eta gizarte mailako ezberdintasunak gaindituz. […] Gure egoismoak hesiak altxatzen dizkigu ezberdinak zaizkigunak isolatuta eta baztertuta uzteko. […] Horregatik, Espiritu Santuaren ahotsa entzunez, ahaleginak egingo ditugu elkartasunean hazten […] geure baitan daramatzagun sakabanaketa-haziak gaindituz»[1].

Hil honetan, Espiritu Santuaren laguntzarekin, gogora eta bizitu ditzagun guk ere maitasunaren hitzak, besteekin harremanean jartzeko aukera, handia ala txikia dugunean: harrera ona egin, entzun, gupidatu, elkarrizketatu, aupatu, tartean sartu, zaindu, barkatu, balioztatu… Horrela biziko dugu Jesusek bere misioa jarraitzera egiten digun gonbidapena, eta Berak eman digun bizitza horren ubide izango gara.

Horrelako esperientzia izan zuen monje-talde budista batek Loppiano (Italian) zitadela nazioartekoan zeudela; herri horretako 800 lagunek Ebanjelioa zintzo betetzen saiatzen dira. Barru-barruraino hunkituta gelditu ziren ezagutzen ez zuten ebanjelioaren araberako maitasunagatik. Haietako batek kontatzen du: «Nire zapata zikinak gelako ate ondoan uzten nituen, eta hurrengo goizean garbiak aurkitzen. Erabilitako arropa kanpoan uzten nuen, eta goizean garbitua eta lisatua aurkitzen nuen. Bazekiten hozbera nintzela ni Asiako hego-ekialdekoa naizenez, eta orduan berogailua igo eta mantak ematen zizkidaten… Egun batean galdetu nuen: “Zergatik egiten duzue hori?” Eta erantzun zidaten: “Maite zaitugulako”» [2]. Esperientzia honek budista eta kristauen arteko benetako elkarrizketa bati ireki zion bidea.

LETIZIA MAGRI


[1] Cf. C. Lubich, «Bizi Hitza», urtarrila 1994: Ciudad Nueva 295 (1994/1), 33. orr.

[2] Cf. C. Lubich, «Mi experiencia en el campo interreligioso: los puntos de la espiritualidad abiertos a otras religiones», Aquisgrán (Alemania), 13-11-1998.

 


Normas(500)