2019 Apirila

 
«Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri». (Jn 13, 14)

Jesus hil baino lehen Jesusekin igarotako azken orduak gogoratzean, Joan ebanjelariak oinak garbitzearen egintza jartzen du erdian ikusgai. Egintza hori, garai hartako Ekialdean, hautsez beteriko bideetatik zetorrena ostatuz onartzeko zeinua zen, morroi batek egiten zuena. Horregatik hain zuzen ikasleek, hasiera batean, uko egiten diote beren maisuaren zeinu hori onartzeari, baina Hark azkenean azalpen hau ematen die:

«Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri».

Irudi hain esanguratsu horren bidez, Joanek erabat agerian jartzen digu Jesusen misioa: Bera, Maisua eta Jauna, giza historian sartu da, gizon-emakume bakoitzarekin topo egiteko, gu zerbitzatzeko eta gure harremana Aitarekin berriztatzeko.

Egunez egun, bere mundu honetako bizitza osoan zehar, Jesusek erantzi egiten ditu bere handitasunaren zeinu guztiak, eta une honetan bere bizitza gurutzean emateko prestatzen ari da. Eta une horretan, hain zuzen, uzten dizkie bere ikasleei, jaraunspen gisa, bihotzean gehien dituen hitzak:

«Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri».

Gonbidapen argi eta sinplea da; denok uler dezakegu eta berehala praktikan jarri edozein egoeratan, edozein ingurune sozial eta kulturaletan.

Jesusen bizitzaren eta hitzaren bidez Jaungoikoaren Maitasunaren berri jasotzen duten kristauek «zorra» dute besteekin: Jesusi imitatzea senideak onartuz eta zerbitzatuz, beraiek ere, aldi berean, Maitasunaren iragarle izateko. Jesusek bezala: lehenik zehazki maitatu eta gero zeinua itxaropen- eta adiskidetasun-hitzez jantzi.

Eta lekukotza are eraginkorragoa da, gure arreta pobreei doakotasun-espirituz ematen diogunean, eta boterea eta ospea dutenei, aldiz, zurikeriazko jarrerak ukatzen. Egoera konplexuen, tragikoen eta eskuetatik ihes egiten digutenen aurrean ere, badago egin dezakegun eta behar dugun zerbait, «ongiari» bultzada emateko: eskuak zikintzea, saririk itxaron gabe, eskuzabaltasunez eta erantzukizunez.

Horrez gain, Jesusek eskatzen digu bizi garen inguruneetan Maitasunaren lekuko izatea ez soilik pertsonalki, baizik baita komunitate mailan Jainkoaren herri bezala ere, elkarrekiko maitasuna baitu elkarte honek funtsezko lege.

«Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri».

Hitz horien ondoren, Jesusek zera esaten du: «Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen … Hori jakinda, bada, zorionekoak izango zarete, betetzen baduzue» (Jn 13, 15-17).

Ebanjelioaren esaldi hau komentatuz, Chiara Lubichek idatzi zuen: «“Zoriontsuak izango zarete …”. Jesusek keinu txundigarri horren bidez agertzen duen elkarrekiko zerbitzu eta maitasuna, Jesusek irakatsi zizkigun zoriontasunetako bat da, beraz. […] Orduan, nola biziko dugu hilabete honetan hitz hori? Jesusi zeinu horretan imitatzeak eskatzen diguna ez da bere egintza bere horretan errepikatzea; hala ere berori beti geure  aurrean eduki behar dugu adibide argi eta paregabe gisa. Jesusi imitatzeak esan nahi du hau ulertzea: kristauok geure izateko arrazoia besteen alde jokatzean dugula, geure bizitza anai-arrebei zerbitzu egiteko dela ulertzen dugunean, geure bizitza osoa oinarri horren gainean planteatzen dugunean. Orduan egin izango dugu Jesusi gehien axola zaiona. Ulertu izango dugu bete-betean Ebanjelioa. Izango gara benetan zoriontsuak»[1].

LETIZIA MAGRI


[1] Ik. C. Lubich, Parole di Vita (ed. F. Ciardi), «Aprile 1982», Città Nuova, Roma 2017, 233, 235 or. (laster argitaratuko da gaztelaniaz).

Normas(500)