2019 Abuztua

 
«Izan ere, zuen aberastasunak non, zuen bihotza han» (Lk 12, 34)

«Bihotza» hitzak, gure baitan intimoena, ezkutuena eta biziari lotuena duguna adierazten du; «altxorra» baliorik handiena duen hori da, gaurko eta etorkizunerako segurtasuna ematen diguna. «Bihotza», gainera, gure baloreak bizi ditugun lekua da, eta gure aukera zehatzen erroa; leku sekretu horretan erabakitzen dugu bizitzaren zentzua: benetan zer jartzen dugun lehenengo postuan.

Zein da gure «altxorra», berarengatik beste guztia ahanzteko gai egiten gaituena?

Mendebaldeko gizarte kontsumistaren bizi-moldean, orok ondasun materialak pilatzera bultzatzen gaitu, geure premietan zentratzera eta besteenetaz axola-gabetzera, ongizatearen eta norberaren eraginkortasunaren izenean. Baina Lukasek, kultura-ingurune oso desberdin batean, Jesusen hitz horiek aipatzen ditu irakaspen erabakigarri eta unibertsal gisa, edozein denbora eta latitudeko gizon-emakumeentzat.

«Izan ere, zuen aberastasunak non, zuen bihotza han».

Lukasen Ebanjelioak indarrez azpimarratzen du, nolako premia duen Jesusen jarraitzaile denak aukera erradikal, behin betiko eta bere-berea egiteko: Jainko Aita da benetako Ona, kristauaren bihotza bete behar duena, Jesus beraren etsenplura. Aukera esklusibo horrek berekin darama nork bere burua konfiantzaz haren Maitasunean abandonatzea, eta, horrela, benetan «aberats» izan ahal izatea, Jainkoaren seme-alaba eta haren Erreinuaren oinordeko garelako.

Libre izatea da kontua: ez jarri geure burua ondasun materialen mende, baizik eta gu geu izan haien jaun; zeren eta aberastasun materialek okupatu baitezakete «bihotza», eta gero eta gehiago edukitzeko gogoa, benetako dependentzia, sortu. Eta, alderantziz, Ebanjelioaren pasarte honetan limosna egitera egiten zaigun gonbitea (ik. Lk 12, 33) justizia-kontua da, eta «bihotza» arintzen duen eta senide-berdintasunera bidea irekitzen duen errukiak agindua.

Kristau bakoitzak pertsonalki eta fededunen elkarte osoak esperimentatu dezakete benetako askatasuna, ondasun material eta espiritualak gehien behar dituztenekin partekatuz: hau da kristau bizimodua, Aitarenganako benetako konfiantza eta maitasuna testigatzen duena eta maitasunaren zibilizaziorako oinarri sendoak jartzen dituena.

«Izan ere, zuen aberastasunak non, zuen bihotza han».

Chiara Lubichek iradokitzen duena argigarria da edukitzearen esklabotzatik askatzeko: «Zergatik esaten digu Jesusek behin eta berriz ondasunetatik desatxikitzea, eta bihurtzen du hori Berari jarraitu ahal izateko ezinbesteko baldintza? Hain zuzen, Bera delako gure bizitzako lehen aberastasuna, benetako altxorra! […] Berak libre nahi gaitu, arima edozein lotura eta kezkatik hustuta, horrela benetan bihotz, adimen eta indar osoz maitatu ahal izateko. […] Jabetzan dugunari uko egitea eskatzen digu, besteei irekiak nahi gaituelako […]. “Uko egiteko” modurik errazena “ematea” da.

»Jainkoari ematea Hura maitatuz. […] Eta maitasun hori Berari erakusteko, maita ditzagun geure anai-arrebak, haien alde edozer gauza egiteko prest egonik. Ezetz iruditzen bazaigu ere, aberastasun asko dauzkagu elkarrekin jartzeko: bihotzean afektua daukagu emateko, onginahia agerian jartzeko, poza komunikatzeko; denbora daukagu besteentzat, otoitzak, barne-aberastasunak; batzuetan gauzak, liburuak, arropa, ibilgailuak, dirua […]. Eman dezagun honelakorik gehiegi pentsatu gabe: “Baina gerta daiteke neuk behar izatea halako batean […]”. Dena izan daiteke baliagarri, baina bien bitartean, pentsamendu horiei kasu egiten badiegu, bihotzean hainbat eraspen sartzen dira eta eskakizun berriak sortzen. Ez, saia gaitezen behar duguna bakarrik edukitzen. Adi egon gaitezen, eman dezakegun dirua edo utz dezakegun beste zerbait gordetzeagatik, Jesus ez galtzeko»[1].

34 urtetik hona ezkonduta dauden Marisa eta Agostinok kontatzen dute hau: «Ezkondu eta zortzi urtera, dena ezin hobeto zihoakigun: etxea eta lana nahi bezalakoak geniuen; eta, orduan, Italiatik Latino-amerikako herrialde batera joatea proposatu ziguten, kristau elkarte gazte bati eusteko. Antsietate eta geroarekiko mila galderen ahots artean, zoroak geundela esaten ziguten pertsonak gorabehera, bakea ematen zigun ahots bat entzun genuen biok bereziki, Jesusek proposatzen zigun hau: “Zatoz eta jarrai Niri”. Eta horixe egin genuen. Ohiko genuenetik erabat bestelako ingurune batean aurkitu ginen. Gauza asko falta zitzaigun, baina sentitzen genuen beste batzuk genituela trukean, adibidez harreman-aberastasuna pertsona askorekin. Eta indar handiz esperimentatu genuen Probidentzia: gau batean festa txiki bat antolatu genuen, eta familia bakoitzak zerbait tipikoa eramaten zuen afarirako. Gu Italiatik gazta parmesano zati batekin itzuli berriak ginen. Haren zati bat beste familiekin partekatzeko gogoaren eta denbora gutxian halakorik gabe geratuko ginela pentsatzearean artean zalantzan ginelarik, Jesusen esaldi hau ekarri genuen gogora: “Eman eta emango zaizue …” (Lk 6, 38). Elkarri begiratu eta esan genuen: aberria, lana eta familia utzi ditugu, eta orain gazta-zati bati atxikita geldituko gara? Horrela, bada, zati bat moztu eta eraman egin genuen. Handik bi egunera ateko txirrinak dei egin zigun: ezagutzen ez genuen turista bat zen, gure lagun batzuen laguna, eta pakete bat zekarkigun bere partetik. Ireki genuen, eta gazta parmesano zati handi bat zen. Jesusen promesa: “…neurri betea, sakatua, leporainokoa emango dizue altzora”».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, «Palabra de vida, septiembre de 2004», en Ciudad Nueva n. 412 (8-9/2004) p. 23.

 

Normas(500)