Otsaila 2021

 
«Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala» (Lk 6, 36)

Lucas ebanjelariari Jainkoaren maitasunaren handitasuna errukia aipatuz azpimarratzea gustatzen zaio, gehien deskribatzen duen kualitatea hori dela iruditzen baitzaio.

Eskritura Sakratuetan, hori da – esan genezake – Jainkoaren maitasunaren ama-ezaugarria; horren bitartez bere izakiak zaintzen ditu, indartu, kontsolatu, inoiz nekatu gabe abegi egiten die. Isaias profetaren ahotik, Jaunak bere herriari hitz ematen dio: «Amak haurra kontsolatzen duen bezala, halaxe kontsolatuko zaituztet; bai, Jerusalemen kontsolatuko zaituztet» (Is 66, 13).

Islamiar tradizioak ere aitortzen eta aldarrikatzen duen atributua da: Jainkoaren 99 Izen Ederrenen artean, musulman fededunaren ezpainetan gehien errepikatzen direnak Errukitsua eta Bihozbera dira.

Ebanjelioaren orrialde honek Jesus jende mordo baten aurrean aurkezten digu, hiri eta eskualde oso urrunetatik etorriak, proposamen ausart eta harrigarri bat eginez: Jainkoa imitatzea bere maitasun errukiorrean hain zuzen ere.

Pentsaezina, eskuraezina iruditzen zaigun helburua!

«Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala».

Ebanjelioaren ikuspegitik, Aita imitatzeko, lehenik eta behin Jesusen atzean jarri behar dugu egunero eta Harengandik maitatzen ikasi behar dugu iniziatiba hartuz, Jainkoak berak gurekin etengabe egiten duen bezala.

Bonhoeffer (1906-1945) teologo luteranoak deskribatzen duen esperientzia espirituala da: «Egunero kristau komunitateak abesten du: “Errukia jaso dut”. Jainkoari bihotza itxi diodanean ere lortu dut dohain hau, […] galdu eta itzultzeko bidea aurkitzen ez nuenean. Orduan, Jaunaren hitza izan da nigana etorri dena. Eta horrela ulertu dut: Berak  maite  nau.  Jesusek aurkitu nau:  nire ondoan egon da, Bera bakarrik. Kontsolatu egin nau, barkatu egin ditu nire akats guztiak eta ez dit errua egotzi. Ni bere etsaia nintzenean eta bere aginduak errespetatzen ez nituenean, lagun bat bezala tratatu ninduen. Ezin dut ulertu zergatik maite nauen Jainkoak horrela, zergatik naizen hain maitatua. Ezin dut ulertu nola lortu duen eta nola irabazi nahi izan didan bihotza bere maitasunarekin; hau esan dezaket, soilik: “Errukia jaso dut”»[1]

«Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala».

Ebanjelioaren Hitz honek gure bizitzan benetako iraultza batera gonbidatzen gaitu: balizko irain baten aurrean aurkitzen garen bakoitzean, ez dugu gaitzespen, aitzakiarik gabeko epaiaren eta mendekuaren bidea hartuko, barkamenarena baizik, errukiarena baizik.

Eginbehar astun bat betetzea baino, kontua da Jesusen eskuetan jartzea egoismoaren heriotzatik komunioaren benetako bizitzara pasatzeko aukera. Pozez ikusiko dugu Aitaren DNA bera jaso dugula, ez baitu inor behin betiko kondenatzen, baizik eta bigarren aukera bat ematen die guztiei, eta horrela itxaropen-aukerak zabaltzen ditu.

Jarrera hori hartzeak aukera emango digu, halaber, senitarteko harremanei bidea prestatzeko, harreman horietatik sortu eta hazi baitaiteke bizikidetza baketsu eta eraikitzailera bideratutako giza komunitate bat.

«Izan zaitezte errukitsuak, zuen Aita errukitsua den bezala».

Horixe iradokitzen zuen Chiara Lubichek Mateoren Ebanjelioaren hitz horretaz hausnartuz (cf. Mt 5, 7) errukia praktikatzen dutenak zorionekoak direla aldarrikatzen duena: «Errukiaren eta barkamenaren gaiak Ebanjelio osoa inbaditzen du. […] eta errukia da, hain zuzen ere, maitasunaren, karitatearen azken adierazpena, erabat betetzen duena, hau da, perfektua egiten duena. […] Saia gaitezen, bada, gure harreman bakoitzean maitasun hori bizitzen! Errukia edozein lagun hurko hartzen dakien maitasuna da, batez ere txiro eta beharrean dagoena. Neurtzen ez duen maitasuna, ugaria, unibertsala, zehatza. Elkarrekikotasuna pizteko joera duen maitasuna, errukiaren azken helburua dena; hura gabe justizia besterik ez bait litzateke egongo, berdintasuna sortzeko balio duena baina ez senidetasuna sortzeko. […] Zaila eta ausarta dirudien arren, galde diezaiogun gure buruari lagun hurko bakoitzaren aurrean: bere amak nola jokatuko luke? Jainkoaren bihotzaren arabera ulertzen eta bizitzen lagunduko digun pentsamendua da»2[2].

LETIZIA MAGRI


[1] D. BONHOEFFER, 1938 urtarrilak 23, La fragilità del male, argitaragabeko idatzien bilduma, Piemme, 2015

[2] C. LUBICH, Palabra de vida, 2000ko azaroa, EAD., Palabras de Vida/2 (ed. F. Ciardi), Ciudad Nueva (2021ean argitaratzekoa).

 

Normas(500)