Ekaina 2021

 
«Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren Erreinuan sartzeko; Zeruko nire Aitaren nahia egin behar da» (Mt 7, 21)

Mateoren Ebanjelioko esaldi hau mendiko Hitzaldi handiaren amaierako zati bat da; bertan Jesusek, zoriontasunak aldarrikatu ondoren, entzuten diotenak Jainkoaren gertutasun maitakorra aitortzera gonbidatzen ditu eta ondorioz nola jokatu adierazten die: Aitaren borondatean aurkitzea Bere Erreinuan, Jesusekin, erabateko komunioa lortzeko bide zuzena.

«Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren Erreinuan sartzeko; Zeruko nire Aitaren nahia egin behar da».

Baina, zer da Jainkoaren nahia? Nola ezagutu dezakegu?

Honela partekatzen du Chiara Lubichek bere aurkikuntza: «Jainkoaren borondatea Jainkoaren ahotsa da, etengabe hitz egiten eta gonbidatzen gaituena; hari bat da, edo hobeto esanda, gure lurreko eta haratagoko bizitza guztia ehuntzen duen urrezko sare jainkotiarra; Jainkoak bere maitasuna adierazteko duen modua da, erantzun bat eskatzen duen maitasuna Berak gure bizitzan mirariak gauzatu ahal izan ditzan. Jainkoaren nahia guk izan behar duguna da, gure benetako izatea, gure errealizazio osoa. […] Errepikatu dezagun beraz, une oro, Jainkoaren edozein borondateren aurrean, mingarria, gozagarria edo garrantzirik ematen ez diogunetakoa izan: “Egin bedi”. […] Hitz sinple hori bultzada indartsu bat dela deskubrituko dugu, tranpolin bat bezala, gure eginbeharra maitasunez, perfekzioz, ardura osoz egiteko. […] Eta horrela, une oro, gure bizitzako mosaiko zoragarri, bakar eta errepikaezina osatzen joango gara, Jaunak betidanik gutako bakoitzarentzat pentsatu duena: Bera, Jainkoa, zeinari buruz gauza eder, handi eta itzelak baino ez diren esaten, non zatirik txikienak ere, maitasun-ekintza gisa, zentzua eta distira duen, mugarik gabeko edertasuna duen naturan, lore txiki eta ezberdinek beren zergatia duten antzera».

«Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren Erreinuan sartzeko; Zeruko nire Aitaren nahia egin behar da».

Mateoren Ebanjelioaren arabera, kristauaren bikaintasunezko Legea errukian datza, Jaunarekiko maitasun eta gurtzearen edozein adierazpen bere osotasunera eramaten duena.

Hitz honek Jainkoarekin dugun harremana, egiaz pertsonala eta intimoa, senideen dimentsiora zabaltzen laguntzen digu, keinu zehatzen bidez. Geure baitatik «irtetera» bultzatzen gaitu, besteei adiskidetzea eta itxaropena eramateko.

Heidelbergeko (Alemania) gazte talde batek testigantza hau eman digu: «Nola lortu gure lagunek esperimentatzea zoriontasunaren giltza besteei ematean dagoela? Hori da gure ekintzaren abiapuntua, “Ordu beteko zoriontasuna” izenburupean. Ideia oso sinplea da: helburua da hilean ordubetez gutxienez beste pertsona bat zoriontsu egitea. Maitasun premiarik handiena zutela iruditzen zitzaizkigunekin hasi ginen, eta eskaini garen leku guztietan ateak parez pare ireki dizkigute. Eta horrela, gurpil aulkian zeuden adineko batzuk parkera eraman ditugu denbora pasatzera, ospitalera joan gara bertan dauden haurrekin jolastera eta pertsona ezinduekin kirola egitera. Haiek oso pozik zeuden, baina ekintzak agintzen duen bezala, gu are pozago geunden! Eta parte hartzera gonbidatutako gure lagunak? Lehenik harri eta zur zeuden, eta orain, zoriona ematearena frogatu dutelarik, bat datoz gurekin: eman zoriona eta berehala sentitzen duzu zeuregan!».

LETIZIA MAGRI

Normas(500)