2022 Ekaina

 
«Oi Jauna, zu zaitut nire Jaun, zuregan baizik ez dut zorionik» (Sal 16, 2)

Hil honetako Bizi Hitza Salmoen liburutik aterata dago, Jainkoak David erregeari eta beste otoizlari batzuei iradokitako otoitz nagusiak biltzen dituena, Berarengana nola zuzendu irakasteko. Salmoetan denok dugu gure lekua, arimaren hari intimoenak ukitzen baitituzte eta giza sentimendu sakon eta bizienak adierazten: zalantza, mina, haserrea, larritasuna, etsipena, itxaropena, gorespena, esker ona, poza. Horregatik edozein gizon-emakumek ahoska ditzake, edozein garai eta kulturatakoa delarik eta bizitzako edozein momentutan.

«Oi Jauna, zu zaitut nire Jaun, zuregan baizik ez dut zorionik».

16.salmoa autore espiritual askoren gogokoena zen. Adibidez, santa Teresa Jesusenak honela zioen: «Jainkoa duenak ez du ezer falta: Jainkoa bakarrik nahikoa da». Aita Antonios Fikri, Eliza Ortodoxoko teologoak, honela zioen: «Hau da berpizkundearen salmoa, horregatik Elizak lehen orduetako otoitzetan esaten du […], Jesus egunsentian berpiztu baitzen. Salmo honek itxaropena ematen digu gure betiereko herentzian, eta, horregatik, “urre-kolorea” titulupean aurkitzen dugu: urrezko hitz bat dela esan nahi du, Liburu Santuko bitxi bat».

Errepikatzea proba egin dezagun hitz bakoitzean pentsatuz:

«Oi Jauna, zu zaitut nire Jaun, zuregan baizik ez dut zorionik».

Otoitz honek inguratu egiten gaitu; Jainkoaren presentzia aktibo eta maitasunezkoak gure izate osoa eta kreazioarena barne hartzen dituela sentitzen dugu; Hark gure iragana, gure oraina eta gure etorkizuna batzen dituela hautematen dugu. Harengan aurkitzen dugu bidean asaldatzen diguten sufrimenduei konfiantzaz aurre egiteko indarra, eta bizitzaren itzaletatik haratago itxaropenari begirada jasotzeko lasaitasuna.

Orduan, nola bizi ahal izango dugu hilabete honetako Bizitza Hitza? Hau da C.D.ren esperientzia: «Aspaldi hasi nintzen gaizki sentitzen, eta, beraz, azterketa mediku batzuk egin nituen, itxaronaldi luzeak eskatzen zituztenak. Azkenean, zer neukan jakin nuenean, Parkinsonen gaixotasuna, kolpe latza izan zen! 58 urte nituen, nola zen posible? Zergatik? Galdetzen nion neure buruari. Motrizitate eta Kirol Zientzietako irakaslea naiz, jarduera fisikoa nire parte da! Garrantzitsuegia zen zerbait galtzen ari nintzela iruditzen zitzaidan. Baina gaztetan egin nuen aukeran pentsatu nuen berriro: “zu, Jesus abandonatua, zara nire onura bakarra”. Botikei esker, laster hobeto sentitzen hasi nintzen, baina ez dakit zehazki zer gertatuko zaidan. Oraina bizitzea erabaki dut. Diagnostikoaren ondoren abesti bat idaztea bururatu zitzaidan, Jainkoari nire baietza abestea: arima bakez betetzen da!».

Salmo honen esaldiak ere oihartzun berezia izan zuen Chiara Lubichen ariman eta honako hau idatzi zuen: «Hitz sinple hauek Berarengan konfiantza izaten lagunduko digute, Maitasunarekin bizitzen trebatuko gaituzke, eta horrela, Jainkoarekin gero eta elkartuago eta Beraz beterik egonda, behin eta berriz jarriko ditugu gure benetako izatearen oinarriak, bere irudira eginak[1]».

Bat egin dezagun, bada, ekaineko hil honetan, Jainkoari «maitasun-adierazpen» hau helarazteko eta gure inguruan bakea eta lasaitasuna zabaltzeko.

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Bizi Hitza, uztaila 2001: Ciudad Nueva 378 zk. (7/2001),  25 orr.

Normas(500)