2018 Azaroa

 
«Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea irekitzen, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu» (Ap 3, 20)

Pentsa zenbat bider entzuten dugun gure atea jotzen. Etor daiteke postaria, auzokoa edo gure semearen laguna, baina baita ezezagun bat ere … Zer nahi ote du? Zentzuzkoa ote da atea ireki eta ondo ezagutzen ez dugun norbait etxean sartzen uztea?

Apokalipsia liburutik hartutako Jainkoaren Hitz honek espero ez genuen bati ostatu ematera gonbidatzen gaitu.

Kristauentzat irakaspen handiko liburu honen autorea hemen Laodizeako antzinako Elizari mintzo zaio Jesus Jaunaren, giza sorkari orokiko maitasunez hil eta berpiztuaren, izenean.

Maitasun horri darion aginpidez mintzo da; sinestun-elkartea goresten du eta zentzatzen, eta Jaunak berak hari eskaintzen dion laguntza indartsua onartzera gonbidatzen du, baldin eta sinestun horiek Haren ahotsa ezagutu eta «Hari atea irekitzeko» prest badaude.

«Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea irekitzen, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu».

Orduan bezala gaur ere, kristau elkarteari gonbit egiten zaio beldurrak, zatiketak eta segurtasun faltsuak gainditzera, Jesusen etorrera onartzeko. Hura egunero datorkigu «janzkera» ezberdinetan: eguneroko sufrimenetan, koherente izateak berekin dituen nekeetan, bizitzako hautapen inportanteak planteatzen dizkiguten erronketan, eta batez ere gurekin gurutzatzen diren senideen aurpegietan.

Gonbidapen pertsonala ere bada gu Jesusekin «gelditzera», intimitate-une batean, adiskide batekin bezala, ilunabarreko isiltasunean, mahai baten inguruan jarrita: berori momenturik aproposena, entzunez eta irekita egotea eskatzen duen elkarrizketa baterako. Zaratak isilaraztea da baldintza haren ahotsa, haren Espiritua, ezagutu eta entzuteko, Espiritu hori bakarrik baita gai gu beldurren blokeotik askatzeko eta gure bihotzeko atea irekitzeko.

Chiara Lubich-ek bere esperientzia bat kontatzen du: «Dena isilarazi behar da gugan, geure baitan Espirituaren Ahotsa sumatu ahal izateko. Eta Ahots hori diamantea lokatzetatik bezala atera behar da: eta leundu, argitan ipini eta une egokian eskaini, maitasuna delako, eta maitasuna eman egin behar da, sua bezala baita, lasto eta beste gauza batzuek ukitzean su egiten duena; bestela itzali egiten da. Maitasunak hazi egin behar du gugan eta hedatu»[1].

Honela dio Frantzisko Aita santuak: «Espiritu Santua dohain bat da. […] Sartzen da guregan eta fruitu emanarazten du, fruitu hori besteei eman ahal diezaiegun. […] Bere-berea du, bada, gu geure zentrotik ateratzea, elkartearekin “gu” izatera ireki gaitezen: hartu, gero emateko. Ez gaude gu zentroan: gu dohain horren bitarteko (tresna) gara besteentzat»[2].

«Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea irekitzen, harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu».

Ebanjelioak bere-berea duen elkarrekiko maitasunagatik, kristauak gaur ere izan daitezke, Hura bezala eta Harekin, Jainkoaren Presentziaren lekuko historiaren gorabeheretan.

Muga aldeetako migratzaileen etorriaren erdian, badaude atea jotzen entzuten dutenak. Deliak kontatzen digu: «Igande arratsalde bero batean, gure taberna aurreko espaloian zenbait ama ikusi nituen eserita, haurrak goseak negarrez zituztela. Sartzera gonbidatu nituen eta azaldu nien haurrei hutsean emango niela jaten. Amek lotsaz zeuden dirurik ez zeukatelako, baina arren egin nien eta onartu egin zuten. Hedatu zen hotsa, eta gaur migratzaileen, gehienbat musulmanen, taberna bihurtu da gurea. Askok «Ama Afrika» deitzen naute. Lehengo bezeroak gutxituz joan dira apurka, eta horrela adinekoentzako joku-gela haurren areto bihurtu da, bertan margotu eta jolas egin dezaketelarik; gelatxo bat ere badago jaio berriei pixoihalak aldatzeko eta amei lana arintzeko; beste batzuetan ikasgela ere bihurtzen da italiera irakasteko. Nirea ez da hautapen bat izan, beste aldera ez begiratzea eskatzen zitzaidan. Migratzaileei esker ezagutu ditut hainbat pertsona eta elkarte, eta horiek ematen didate finantzaketa eta laguntza, aurrera jarraitzeko. Berriro egoera berean gertatuko banintz, gauza bera egingo nuke. EMATEA da niri axola zaidana»[3].

Denok gaude deitzen duen Jauna onartzera gonbidatuta, Harekin batera ondoan ditugunekin topo egitera irteteko.

Jauna bera izango da bere presentziaz gure bizitzan bidea irekiko duena.

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, «Lo Spirito Santo è l’Amore», 12 de septiembre de 1949, en Collegamento CH, junio 2006.

[2] Francisco, Audiencia general, Roma 6-6-2018.

[3] Città Nuova Online, 7-3-2018; Collegamento CH, 16-6-2018.

Normas(500)