2014ko abendua

 
“Bi soineko dituenak, eman biezaio bat ez duenari; eta jatekorik duenak, egin beza berdin” (Lk 3, 11)

Hitz hauek Joan Bataiatzaileak egindako hitzalditik hartuta daude. Lukas ebanjelariak zera kontatzen digu, Jordan ibaira bataiatzera joaten zen jendetzaren artean, han zeudela zergalariak ere, hau da: erromatar agintarientzako zergak jasotzen zituztenak, bere lanbideagatik bekatari publikoak bezala ikusiak zirenak. Baita militarrak ere, jentilak izateagatik “Jaungoikoagandik urrutiratuak” bezala ikusiak zirenak; eta Lukasek hauen borondate ona agertzen du, Joan Bataiatzaileari egiten dioten galdera berak azaltzen duen bezala: “Maisu, zer egin dezakegu Mesiasekin elkartzeko beharrezkoa dugun bihotz-berritzea lortzeko?”

Egia esan, askotan, Jaungoikoagandik urrutiratuak bezala ikusiak dauden pertsonak, emakume bekataria, lapur ona, e.a., Ebanjelioa onartzeko prestuenak dira.

“Bi soineko dituenak, eman biezaio bat ez duenari; eta jatekorik duenak, egin beza berdin”

Hau da, ohar zehatz batzuekin, Joan Bataiatzaileak borondate oneko pertsonei ematen dien aholkua. Lukasek, hauxe kontatzerakoan, Jesusekin elkartzeko beharrezkoa dugun bihotz berritzea hobeto ulertzen lagundu nahi digu; on bihurtze hau, ez da hitz politek edo sentimenduak bultzatzen duen zerbait, baizik eta, Jaungoikoaren borondatea egitea eta, batez ere, gure lagun-hurkoa maitatzea, gauza konkretuetan solidarizatzea eta lagun-hurkoak beharrezkorik ere ez daukanean gure ondasunak berarekin elkarbanatzea: janaria, jantzia, etxe-bizitza, laguntza, e.a., alegia.

Hau da Jesusek beranduago erakutsiko duena.

Izan ere, kristau bizitza, ez da otoitz luzeak eta penitentzi nekagarriak egitea bakarrik; ez da lana edo bizi-bidea aldatu behar –berez desegokia ez bada behintzat- bakoitzak bere lanean eta bere egoeran, elkarrenganako maitasuna bizitzea baizik.

“Bi soineko dituenak, eman biezaio bat ez duenari; eta jatekorik duenak, egin beza berdin”

Ebanjelariak erakutsi nahi digun beste gauza garrantzitsu bat hauxe da: Jaungoikoarekiko adiskidetasuna eta santutasuna, ez direla pertsona maila berezi batentzat soilik, eta ez daudela bizitzako egoera zehatz batzuetara lotuta, baizik eta guztioi irekiak daudela.

Gainera, benetako kristau bizitza, elkarrenganako maitasunean oinarritua, oso erraz ulertzen dela eta “urrutiratuak” deitzen direnak ere erakartzen dituela esan nahi digu.

“Bi soineko dituenak, eman biezaio bat ez duenari; eta jatekorik duenak, egin beza berdin”

Nola bizi behar dugu Bizi-Hitza hau orduan? Eguberria ospatuko dugun hilabetean gaude. Eguberria Elizarentzat, ez da garai batean gertatutako zerbait ospatzea, gaur egun eta beti gogoan dugun misterioaren ospakizuna baizik: Jesusen jaiotza guregan eta gure artean.

Nola prestatu behar dugu beraz Eguberrirako? Zer egin behar dugu Jesus guregan eta gure artean berriz jaio dadin?

Konkretuki maitatu. Argi egon gaitezen gure lagun-hurkoaganako maitasuna, hitz edo sentimendu hutsetan gera ez dadin, ekintzetara pasa gaitezela baizik, ekintza txiki edo handietara.

 

 Chiara Lubich

Iruzkin hau 1988ko abenduan argitaratu zen lehen aldiz. Fokolareen Mugimenduaren argitalpena.

Normas(500)