Martxoa 2015

 
«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat» (Mk 8, 34).

Galilea goialdera, Feliperen Zesarea inguruko auzoetara, zihoala, Jesusek bere ikasleei bera nor dela uste duten galdetzen die. Pedrok denen izenean erantzuten dio Kristo dela, mendez mende itxarondako Mesias. Gaizki ulertzeak saihesteko, Jesusek argi eta garbi azaltzen du nola nahi duen bere misioa burutu. Liberatuko du, bai, bere herria, baina ustekabeko moduan, bere buruaz ordainduz: asko sufritu beharko du, gaitzetsia eta hilarazia izan, eta hirugarren egunean berpiztu. Pedrok ez du ontzat hartzen Mesiasi buruzko ikuskera hori –bere garaiko beste hainbatek bezala uste zuen Hark agintez eta indarrez jokatuko zuela erromatarrak garaituz eta Israelgo Herria munduan zegokion tokian ipiniz- eta haserre ekiten dio Jesusi. Honek bere aldetik honela zentzarazten du hura: «Gizakiaren asmoak dituk hireak, ez Jainkoarenak» (ik. 8, 31-33).

Jesus bidean jartzen da berriro, oraingoan Jerusalemerantz, eta han burutuko du bere heriotza-helmuga eta Piztuera. Eta orain ikasleek, heriotzara doala dakitenean, berarekin jarraituko al dute? Jesusek eskatzen dituen baldintzak argiak eta exijenteak dira. Jendetza eta bere ikasleak beregana erakarri eta esaten die:

«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat».

Liluratuta utzi zituen Maisu hark, arrantzu egiteko sareak botatzen ari zirela aintziraren ondotik igaro zenean, edo zerga mahaian zeudenean. Zalantzarik gabe utzi zituzten itsasontziak, sareak, zerga-mahaia, aita eta ama, etxea eta familia, haren atzetik joateko. Ikusi zuten mirariak egiten, eta entzun zituzten haren jakinduriazko hitzak. Une hartaraino pozez eta gogo beroz jarraitu zitzaizkion.

Baina Jesusi jarraitzea konpromiso gehiagoko egitekoa gertatzen zen. Orain argi eta garbi ikusten zen harekin bizitza eta destinoa partekatzea esan nahi zuela: porrota, etsaigoa eta are heriotza, eta nolako heriotza! Oinazetsuena, alegia, lotsagarriena, hiltzaile eta gaizkilerik bihozgabeenei ematen zitzaiena. Idazki deunek «madarikatutzat jotzen zutena» (ik. Dt 21,23). «Gurutze» hitzak, besterik gabe, izua eragiten zuen, ez esatekoa zen ia. Hemen aipatzen da lehen aldiz hitz hau Ebanjelioan. Zer zirrara eragingo ote zuen entzun zutenengan.

Jesusek bere nor-izatea argi eta garbi baieztatu duen une honetan, argitasun beraz adieraz dezake ikasleena ere. Maisuak bere herria gurutzearen zama hartuz, haren alde hiltzeraino, maite badu, ikasleek ere, ikasle izateko, albora utzi beharko dituzte beren asmoak eta maisuaren bidea erabat partekatu, gurutzetik hasita.

«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat».

Kristau izateak Kristo berriak izatea esan nahi du: «Kristo Jesusek izan zituen sentipen berak» izan, hark «apaldu egin baitzuen bere burua, heriotzaraino eta gurutzean hiltzeraino menpeko eginez» (Flp 2, 5.8); gurutziltzatua izan Kristorekin, Paulorekin honela esateraino: «ez naiz ni bizi, Kristo bizi da niregan» (Ga 2, 20); ez nahi ezer jakin «Jesu Kristo, eta berau gurutziltzatua, izan ezik» (I Ko 2, 2). Jesusek gurekin bizitzen, hiltzen eta pizten jarraitzen du. Hau da kristauaren desira eta nahirik handiena, santu handiak sortu dituena: Maisua bezalakoa izan. Baina, nola jarraitu Jesusi horrelakoa izatera iristeko?

Lehenengo urratsa da «nork bere buruari uko egitea», norbere pentsaeratik aldentzea. Hori izan zen Jesusek Pedrori eskatzen zion urratsa, aurpegira bota zionean gizakiek bezala pentsatzen zuela eta ez Jainkoak bezala. Guk ere Pedrok bezala, batzuetan, geure burua baieztatu nahi dugu modu egoistan edo, gutxienez, geure irizpideei jarraitu. Arrakasta erraz eta berehalakoaren, nekerik gabekoaren, bila gabiltza; bekaitzez begiratzen diegu aurrera egiten dutenei, familia elkartu bat edukitzea amesten dugu eta inguruan gizarte anaikor eta elkarte kristaua eraikitzea, baina horretarako garesti ordaindu beharrik izan gabe.

Nork bere buruari uko egiteak Jainkoaren pentsaeran sartzea esan nahi du, Jesusek bere jokaeraz adierazi zigun hartan: gari alearen logikan (hil egin behar du fruitu emateko), hartzen baino poz gehiago ematen aurkitzearen logikan, edo maitatzeagatik bizia ematearen logikan; hitz batean, nork bere gurutzea hartzean.

«Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, bere gurutzea hartu eta jarrai biezat».

Gurutzeak -«egunean egunekoak» Lukasen Ebanjelioak dioen bezala- eduki ditzake hamaika aurpegi: gaixotasun bat, langabezian gelditzea, familia edo lanbideko arazoak aurrera atera ezina, porrot-sentsazioa benetako harremanak sortzen ez jakiteagatik, ezinean sentitzea munduan diren gatazka handiengatik, higuin-haserrea gure gizartean gertatzen diren eskandaluengatik … Ez dago gurutzearen bila ibili beharrik; bera datorkigu bidera, eta hain zuzen gutxien espero dugunean eta inoiz pentsatuko ez genukeen eran.

Gurutzea «bizkarrean hartzera» gonbidatzen gaitu Jesusek, ez hura etsimenduz gaitz saihetsezin gisa jasatera, ez gainera erori eta zapal gaitzan uztera, ez eta modu estoiko eta desitsatsian pairatzera ere. Hobe da hura onartzea gurutzea partekatzeko modu gisa, egoera horretan ere haren ikasle izateko modu gisa, eta sufrimendu horretan ere harekin elkartean bizitzeko modu gisa, zeren eta bera izan baitzen lehenengo gure gurutzea partekatzen. Izan ere Jesusek gurutzearen zama hartu zuenean, gure gurutze guztien zama hartu zuen bere bizkarrean. Edozein sufrimendutan, nolanahikoa delarik, aurki dezakegu, bada, Jesus, sufrimendu hori jada bere eginda.

Horrela ikusten du Igino Giordani-k, Jesusen gurutzea daraman Zireneko Simonen zeregina pertsonaz trukatuta: gurutzeak «gutxiago pisatzen du, baldin eta Jesusek gurekin Zirenetarraren lana egiten badu. Eta gutxiago pisatzen oraindik –gehitzen du- elkarrekin eramaten badugu. Gizaki batek eramandako gurutzeak, azkenean zapaldu egiten du; berori zenbait gizakik Jesus erdian dutela edo Jesus Zirenetar gisa hartuta eramanez gero, arina bihurtzen da, uztarri biguna. Kordada, askoren artean, bat etorriz gero, eskalada festa bihurtzen da eta, aldi berean, igoera egitea lortzen du»[1].

Horrela, bada, gurutzea Harekin eramateko hartzea, jakinik ez daramagula bakarrik Hark gurekin daramalako, harremana da Jesusekin eta Harena izatea, Harekin erabat elkartzeraino, gu Hura bera izatera etortzeraino. Horrela, bada jarraitzen diogu Jesusi eta Haren benetako ikasle bihurtzen. Orduan gurutzea benetan izango da guretzat, Kristorentzat bezala, «Jainkoaren indarra» (1 Ko 1, 18) eta piztuerarako bide. Indarra aurkituko dugu ahulezia bakoitzean, argia iluntasun bakoitzean, bizia heriotza bakoitzean, zeren eta Jesus aurkituko baitugu.

 FABIO CIARDI

[1] I. Giordani, La divvina aventura, Città Nuova, Roma 1966, 149 or. Eta hur.

 

Normas(500)