2016ko abuztua

 
«Bat bakarra da zuen maisua, eta zuek denak senideak zarete» (Mt 23, 8)

70 urte baino gehiago dira Bizi-hitza biziz goazela. Etortzen da orritxoa gure eskuetara eta guk iruzkina irakurtzen dugu; baina proposatzen den esaldia, Eskriturako hitza, frankotan Jesusena dena, nahiko genuke gurekin gelditzea. «Bizi-hitza» ez da gogoeta hutsa, baizik eta bertan Jesus bera da hitz egiten diguna, bizitzera gonbidatzen gaituena, gu beti besteak maitatzera eta geure bizitza dohain egitera eramanez.

Chiara Lubich-en «asmakizuna» da, eta berak honela kontatzen zuen hasiera: «Egiaren gose nintzen, eta horregatik filosofia ikasteari ekin nion. Are gehiago, beste gazte asko bezala, egiaren bila nenbilen eta uste nuen ikasiz aurkituko nuela. Baina hara hemen Mugimenduaren lehen egunetako ideia handietako bat, berehala nire lagunei aditzera eman niena: “Zertarako ibili egiaren bila, berori haragi egina bizi da-eta Jesusengan, gizaki Jainkoagan? Egiak erakartzen bagaitu, utz dezagun dena, bila dezagun Hura eta jarrai diezaiogun”. Eta horrela egin genuen».

Hartu zuten Ebanjelioa eta hura hitzez hitz irakurtzen hasi ziren. Berria iruditu zitzaien erabat. «Jesusen hitz bakoitza argi-sorta goritu bat zen: gauza guztiz jainkotiarra! […] Haren hitzak bakarrak, betikoak, dira […], liluragarriak, Jainko distiraz idatziak, […] bizi-hitzak ziren, bizitzara eramatekoak, hitz unibertsalak espazioan eta denboran. Ez zitzaien iruditu lehenaldian finkatuak zeudenik, ez eta oroitzapen huts zirenik ere, Berak guri eta edozein garai eta aldetako pertsonei esaten diharduen hitzak baizik»[1].

Baina, Jesus da gure maisu egiaz?

Bizitzeko modu asko ditugu aukeran, pentsalari askok eskainita; batzuk zentzuz desbideratuak, are indarkeriara eragiten dutenak, eta besteak zuzenak eta inspiratuak. Baina Jesusen hitzek badute halako sakontasun eta gaitasun laztantzailea, beste hitzek –filosofo, politiko edo poetenak– ez dutena. «Bizi-hitzak» dira, bizi daitezke eta bizitza betea ematen dute, Jainkoaren bizitza bera komunikatzen.

Hilean bat agertzen dugu nabarian, eta horrela astiro Ebanjelioa gure gogoan sartzen da, gu aldatuz doa, Jesusen pentsamendu bera lortzera garamatza; eta horrek gai egiten gaitu egoerarik anitzenei erantzuteko. Jesus gure Maisu bihurtzen da.

Hitz hori batzuetan irakur dezakegu besteekin batera. Nahi genuke Jesus Berpiztuak berak, bere izenean bilduta gaudenon erdian bizirik, berori guri azaltzea, eguneratzea, berori nola bete iradokitzea.

Baina «Bizi-hitzaren» berritasuna zera da: parteka dezakegula berori bizitzetik sortzen den esperientzia eta grazia; horrela azaltzen zuen Chiarak hasieran gertatzen zena, eta gaur gertatuz doana, aipatuz: «Esperientziaz bizi genuena besteei komunikatzeko beharra sentitzen genuen, zeren eta kontziente baikinen, berori komunikatzean, esperientziak iraun egiten zuela geure barne bizitzaren eraikuntzarako; aitzitik komunikatzen ez bagenuen, arima pobretu egiten zela apurka. Horrela, bada, irmotasunez bizitzen genuen hitza egun guztian, eta komunikatu egiten genituen emaitzak, ez geure artean soilik, baizik baita lehen taldea gehitzera zetozenen artean ere. […] Hitza bizi genuenean, jada ez nintzen ni edo gu bizi ginenak, baizik eta hitza zen nigan eta taldean bizi zena. Eta hau kristau erreboluzio bat zen bere ondorio guztiekin»[2].

Gauza bera gerta dakiguke gaur guri.

FABIO CIARDI


 

[1] Cf. C. Lubich, La palabra de vida (1975): Escritos espirituales/3. Todos uno, Ciudad Nueva, Madril 1998, or. 124.

[2] Ibid., orr. 129-130.

 


[1] C. Lubich, Hurkoaganako maitasuna, musulman talde bati hitzaldia, Castel Gandolfo, 2002-11-1.

 

Normas(500)