2020 Apirila

 
«Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak» (Jn 20, 29)

Joanen Ebanjelioak deskribatzen dizkigu, apostoluek, Magdalako Mariak eta beste zenbait ikaslek Jesus Berpiztuarekin izandako topaketak. Berpiztua hainbatetan agertzen da gurutziltzatuaren seinaleekin, haien bihotza berriro pozera eta itxaropenera zabaltzeko. Agerpenetako batean Tomas ez da bertan. Jauna ikusi duten besteek kontatzen diote esperientzia harrigarri hori, agian beren poza hari helarazi nahian. Baina Tomas ez da gauza besteen bidez datorkion testigantza hori onartzeko; Jesus berbera ikusi eta ukitu nahi du.

Eta hori, egun batzuk geroago gertatuko da: Jesus ikasleen taldearen aurrean agertzen da, eta oraingoan Tomas bertan da. Eta bere fedea, Berpiztuarekiko atxikimendu betea, aitortzen du: «Ene Jaun eta Jainkoa». Eta Jesusek erantzuten dio:

«Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».

Jesusen bizitza, heriotza eta piztuera beren begiz ikusi zuten lekukoak hil eta gero, izan zen Ebanjelio hau idatzia. Bazter ezina zen ebanjelioaren mezua elkarren ondorengo belaunaldien esku jartzea, eta transmisio hori anuntzioa hartu zutenen lekukotzan oinarritzea. Hemen hasten du bere garaia Elizak, Jainkoaren herriak, eta Jesusen mezua aldarrikatzen jarraitzen du, Haren Hitza fidelki emanez eta koherentziaz betez.

Guk ere Jesus, Ebanjelioa eta kristau fedea besteen hitzaren eta lekukotzaren bidez ezagutu dugu, eta sinetsi egin dugu. Horregatik gara «zoriontsu».

«Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak».

Hitz hau praktikan jartzeko, ekar dezagun gogora Chiara Lubich-en gonbidapen hau: «Hitz honek, zuregan eta Jesusen inguruan bizitu ez ziren gizakiengan, konbentzimendu hau txertatu nahi du: apostoluen duintasun bera duzula zeure. Jesusek esan nahi dizu ez zaudela desabantailan ikusi zuten haiekin, zeren eta zuk ere bai baituzu fedea, eta berori da –nolabait esateko– Jesus “ikusteko” modu berria. Berorren bidez, hurbil zaitezke Harengana, Hura sakonki ulertu, Hura zeure bihotzaren hondoan aurkitu. Fedearen bidez aurki dezakezu Hura Haren izenean bilduriko bi edo gehiago seniderengan, edo Haren jarraipen den Elizan. Horrez gain, Jesusen hitz hauek dei bat dira zeure fedea suspertzera, bizitza espiritualean aurrera egiteko sostengu edo seinaleen esperoan ez ibiltzera, zeure bizitzan eta historian Kristok duen presentziaz duda ez egitera, nahiz eta zuri Hura urrun dagoela iruditu. […] Zuk Haren maitasunean sinestea nahi du, egoera zailetan bazaude ere edo ezinezkoak diruditen gorabeherak mehatxatzen bazaituzte ere»[1].

Anne, ezgaitasun larriarekin jaiotako australiar neska da. Eta hau kontatzen du: «Nerabe nintzela neure buruari galdetzen nion zergatik ez ote nintzen azkar hil, ezgaitasunak ezartzen zidan zamagatik. Bizi-hitza bizi duten nire gurasoek beti gauza bera erantzuten zidaten: “Anne, Jainkoak biziki maite zaitu eta badu zuretzat plan berezi bat”. Laguntza eman zidaten mugapen fisikoen aurrean blokeatuta ez gelditzeko eta horren ordez besteak “maitatzeari ekiteko”, Jainkoak gurekin egin zuen bezala. Ikusi dut gauza asko aldatu egin direla nire inguruan eta pertsona asko beren buruak gehiago irekitzen hasi direla, eta ez bakarrik nirekin. Nire aitagandik mezu pertsonal bat hartu nuen, bera hil eta gero irakur nezan. Bertan esaldi bakar hau idatzi zuen: “Nire gauak ez du ilunperik”. Hori da nire eguneroko esperientzia: maitatzeko eta ondoan dudana zerbitzatzeko aukera egiten dudan bakoitzean, desagertu egiten dira ilunpeak eta gauza naiz Jainkoak didan maitasuna sentitzeko».

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Bizi-hitza, 1980ko apirila in, Ciudad Nueva n. 144 (1980/4), 17. or.

Normas(500)