Maiatza 2021

 
«Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin» (1 Jn 4, 16)

«Jainkoa maitasuna da»: Jainkoaren definiziorik argitsuena da, Eskritura Sakratuan bi aldiz bakarrik agertzen dena eta, hain zuzen ere, testu honetan: laugarren Ebanjelioan oihartzun egiten duen gutun – edo agian aholku – honetan. Izan ere, egilea Joan apostoluaren tradizio espirituala aditzera ematen duen ikaslea da. I. mendeko kristau elkarte bati idazten dio, zoritxarrez, zailtasun mingarrienetako batetik pasatzen ari zena: bai fedearen eta bai testigantzaren inguruan desadostasuna eta zatiketa.

Jainkoa maitasuna da. Berak Hirutasun gisa komunioaren osotasuna bizi du bere baitan, eta maitasun hori bere izakiengan gainezka ematen du. Hartzen dutenei, beren seme-alaba bihurtzeko boterea ematen die (ik. Jn 1, 12; 1 Jn 3, 1), bere DNA berarekin, maitatzeko gai. Eta bere maitasuna doakoa da, beldur eta zalantza orotatik askatzen du (ik. 1 Jn 4, 18).

Gero, elkarrekiko komunioaren promesa egin dadin – gu Jainkoarengan eta Jainkoa gugan – maitasun aktibo, dinamiko eta sortzaile honetan «iraun» behar da. Horregatik, Jesusen ikasleak elkar maitatzera deituak daude, bizia ematera, beren ondasunak behar duen edozeinekin partekatzera. Maitasun horrekin elkarteak baturik, profetiko eta leial irauten du.

«Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin».

Gaur ere iragarpen sendoa eta argia da guretzat, batzuetan ustekabeko eta menperatzeko zailak diren gertaerek gailentzen baikaituzte, pandemia edo bestelako zoritxar pertsonal edo kolektiboak adibidez. Galduta eta izututa sentitzen gara eta elkartzeko zubiak eraiki ordez handia izaten da tentazioa gure baitan ixtekoa eta ustez gure segurtasuna mehatxatzen dutenengandik babesteko harresiak altxatzekoa.

Nola da posible egoera honetan Jainkoaren maitasunean sinesten jarraitzea? Posible al da maitatzen jarraitzea?

Josiane, libanoarra, bere herrialdetik urrun zegoen 2020ko abuztuan Beiruteko portuan izandako leherketaren berri izan zuenean. Berak bezala Bizi-Hitza bizi dutenei horrela esaten die: «Bihotzean mina, haserrea, larritasuna, tristura, harridura sentitu nuen. Gogor eraso zidan galdera honek: Libanok orain arte bizi izan duen guztiarekin ez al da nahikoa? Jaio eta bizi izan nintzen auzo hondatu hartan pentsatzen nuen; non ahaide eta lagunak orain hilda, zaurituta edo etxerik gabe zeuden; non oso ondo ezagutzen ditudan eraikin, ikastetxe eta ospitaleak suntsituta geratu ziren. Nire ama eta ahizpa-nebengandik “gertu egoten” saiatu nintzen, laguntza, maitasuna eta otoitza adierazten ziguten lagun ugariren hainbat mezuei erantzuten, ireki zen zauri sakon horren erdian guztiei entzuten. Sufritzen ari direnekin partekatutako momentu horiek Jainkoak gure bihotzetan ezarri duen maitasunarekin erantzuteko dei bat direla sinetsi nahi nuen eta SINESTEN dut. Malkoetatik haruntzago, argi bat aurkitu nuen libanoar askorengan, haietako asko gazteak, berriro zutitu, inguruan begiratu eta behar zutenei laguntzen jarri zirenak, eta itxaropena berpiztu zitzaidan politikan ere serioski konprometitzeko prest zeuden gazteak ikustean, konponbidea benetako elkarrizketaren, adiskidetasunaren eta senide bezala elkar ezagutzearen, hori baikara, bidetik datorrela konbentzituta daudenak».

«Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin».

Ebanjelioaren Hitz hau bizitzeko iradokizun eder bat Chiara Lubichek eskaintzen digu: «Jada ezin da gurutzea aintzatik banandu; ezin da Gurutziltzatua Berpiztuarengandik banandu. Maitasuna den Jainkoaren misterio beraren bi alderdi dira. […]. Behin eskaintza eginda, saiatu gaitezen horretan gehiago ez pentsatzen, baizik eta Jainkoak gugandik nahi duena betetzen, gauden tokian gaudela […]. Saia gaitezen batez ere besteak maitatzen, ondoan dugun hurkoa. Hori eginez gero, ezohiko eta ustekabeko efektua senti dezakegu: gure arima bakez, maitasunez, alaitasun garbiz, argiz beteko da […]. Eta, esperientzia horretaz aberasturik, eraginkorrago lagundu ahal izango diegu gure senide guztiei malkoen artean zoriontasuna aurkitzen, kezkatzen dituena lasaitasun bihurtzen. Horrela, askorentzat pozezko tresnak izango gara; zoriontasunezkoak, giza bihotz orok irrikatzen duen zoriontasunarenak»[1].

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, Bizi hitza 1984ko urtarrila, Ead., Palabras de vida/1 (ed. F. Ciardi), Ciudad Nueva, Madril 2020, 292-294. Orr.

Normas(500)