2022 Otsaila

 
«Niregana hurbiltzen denik ez dut inola ere kanpora botako» (Jn 6, 37)

Jesusen baieztapen hau jendetzarekin izandako elkarrizketa baten parte da. Ogien ugaritze mirariaren ondoren Jesusen bila dabilen jendetza, eta, Beregan sinesteko, beste zeinu bat eskatzen duena.

Jesusek jakinarazten du, Bera dela Jainkoaren maitasunaren zeinua; are gehiago, bera da Semea, Aitarengandik jaso duena izaki oro eta bereziki Haren irudira sortuak diren gizaki oro, babestu eta etxera eramateko eginkizuna. Bai, zeren Aitak berak hartu baitu iniziatiba eta denak erakartzen baititu Jesusengana (ik. Jn 6, 44), bakoitzaren bihotzean bizitza betearen desira jarriz, hau da, Jainkoarekiko eta bere kideekiko komunioarena.

Jesusek, beraz, ez du inor baztertuko, Jainkoarengandik oso urrun sentitzen bada ere, hau baita Aitaren nahia: inor ez galtzea.

«Niregana hurbiltzen denik ez dut inola ere kanpora botako».

Berri ona da benetan: Jainkoak izugarri maite ditu guztiak; haren samurtasuna eta errukia gizon eta emakume bakoitzari zuzenduak daude. Bera da Aita pazientzia handikoa eta errukiorra, bidean jartzen den edonoren zain dagoena barruko ahotsak gidaturik.

Askotan susmo txarra izaten dugu: Jesusek zergatik hartu nahi ote nau? Zer nahi ote du nigandik? Egia esan, Jesusek Berarengatik erakartzen uzteko besterik ez digu eskatzen, bihotzean oztopatzen digun guztia aska dezagun, bere doako maitasuna konfiantzaz hartzeko.

Baina gure erantzukizuna eskatzen duen gonbidapena ere bada. Izan ere, Jesusen aldetik hain samurtasun handia sentitzen badugu, gu ere mugituak sentituko gara hurko bakoitzarengan Bera hartzera (ik. Mt 25, 45): gizona edo emakumea, gaztea edo heldua, osasuntsua edo gaixoa, gure kulturakoa edo beste kultura batekoa … eta ez dugu inor baztertuko.

«Niregana hurbiltzen denik ez dut inola ere kanpora botako».

Quebec-en (Kanada), Hitza bizi duen kristau-komunitate bat ahalegintzen da euren herrialdera iristen diren munduko hainbat lekutako familia askori harrera ematen: Frantzia, Egipto, Siria, Libano, Kongo. Guztiak hartzen dituzte eta gizarteratzeari dagokionez ere laguntzen diete. Horrek, haien galdera ugariei erantzutea, errefuxiatuen edo egoiliarren egoerari buruzko formularioak betetzea, haurren ikastetxearekin koordinatzea eta haien auzoa ezagutzen lagundu behar izatea suposatzen du. Garrantzitsua da, halaber, frantseseko klaseetan izena ematea eta lana bilatzea.

Guyk eta Michelinek idatzi dute: «Siriar familia batek, gerratik ihesi Kanadara iritsi berritan, beste familia batekin egin zuen topo. Oraindik oso desorientatuta zeuden. Sare sozialen bidez elkartasuna aktibatu zuten eta lagun askok behar zuen guztia eman zieten: oheak, sofak, mahaiak, aulkiak, baxera, arropa, liburuak eta haurrentzako jostailuak, gure familietako beste haur batzuek naturaltasunez oparitutakoak, gurasoek sentsibilizatuta. Behar zutena baino gehiago jaso dute, eta beren eraikineko beste familia behartsu batzuei ere lagundu diete. Hilabete hartako Bizi Hitza oso egoki iritsi zen: «Lagun hurkoa zeure burua bezala maitatuko duzu».

«Niregana hurbiltzen denik ez dut inola ere kanpora botako».

Hona hemen nola bizi dezakegun Jainkoaren Hitz hau: lagun hurko bakoitzaren aurrean Aitak duen hurbiltasunaren testigantza emanez, norberak eta komunitate bezala.

Chiara Lubichek errukiaren forma duen maitasunari buruz egindako gogoeta honek laguntzen digu. Hau, idazten du Chiarak, «[…] Dohakabeei, bizitzak gaizki tratatutakoei, damututako bekatariei bihotza eta besoak irekitzen dizkien maitasuna da […]. Desbideratutako hurkoa – laguna, anaia edo ezezaguna – hartzen dakien eta amaigabeko barkamena ematen dion maitasuna. […] Neurtzen ez duen eta neurtua izango ez den maitasuna. Arimak lehen zuena baino ugariago, unibertsalago eta zehatzago loratzen den karitatea da. Eta honek bere baitan Jesusen antzeko sentimenduak sortzen ditu, eta bere ezpainetara, aurkitzen duen pertsona bakoitzarentzat, hitz jainkotiarrak azaleratzen zaizkiola konturatzen da: «Errukia sentitzen dut jende honekiko» (ik. Mt 15, 32). […] Errukia da karitatearen azken adierazpena, osatzen duena. Eta karitateak oinazea gainditzen du, hau bizitza honetakoa baino ez delako, maitasunak bestean ere irauten duen bitartean. Jainkoak nahiago du errukia sakrifizioa baino».[1]

LETIZIA MAGRI


[1] C. Lubich, «Cuando uno ha conocido el dolor», en Meditaciones, Ciudad Nueva, Madrid 1964, 200710, pp. 57-58.

Normas(500)